TS itxi egingo duela iragarri du zuzendaritzak, eguerdirako langileek eskaintza onartu ezean

Baleike 2013ko aza. 27a, 10:16

Ultimatuma jaso dute langileek gutun bidez: gaur eguerdira arteko epea dute zuzendaritzak egindako proposamena "boluntarioki" onartzeko. Zuzendaritzak proposatu die 50 langile kaleratzea, soldatak %25 jaistea eta urtean ehun lan ordu gehiago egitea. Langileei onartezina iruditzen zaie, eta enpresak dio ez dagoela beste aukerarik, hala egin ezean enpresa ez dela bideragarria. Urola Kostako Hitzak jaso du albistea.TSko langileek enpresa zuzendaritzak bidalitako gutun bana jaso dute etxean, ultimatum batekin: enpresaren azken eskaintza onartu ezean, enpresa itxi egingo da. Joan den astean egindako azken eskaintza, baina, "onartezina" da langileentzat: 50 langile kalera, %25eko jaitsiera soldatan eta lanaldiari ehun ordu gehitzea. Horrez gain, kaleratuen kalte ordaina zazpi urtean zatika jasotzea proposatzen da, eta boluntarioko kalera joango diren langile horiek enpresak onartutakoak izatea. Enpresak gutunean dio akordiorik gabe enpresak ez duela etorkizunik, baina akordioan ez dago negoziatzeko tartetik, enpresak mahai gainean jarritako baldintzak bete behar dira, ezinbestean, bestela enpresak ez du etorkizunik. Langileei soldata jaitsi eta lanaldia luzatzeko Gipuzkoako Metaleko Hitzartmenean oinarritzen dela dio enpresa zuzendaritzak.

Horrez gain, enpresak gutunean salatzen du langileak uko egiten ari direla lan egiteari, eta hori gezurtatu egin dute langileek. Egunero joaten direla lanera, baina gehienentzat ez dagoela lanik. "Nagusiek itxi egin nahi dute TS eta horren errua langileoi leporatu nahi digute".

Zuritik beltzera

Hiru urtean zuritik beltzera aldatu da TS Fundiciones enpresako egoera. 2007an, haize errotetarako osagaietan munduko ekoizlerik handienetakoa zen, merkatu kuotaren %15arekin. Zumaian zuten lantegi zaharra utzi eta berri bat eraiki zuten Arroa Beheko industrigunean, 36 milioi euro inbertituta. Urte hartan, 150 langiletik 300era handitu zuten taldea, 55 milioi euro fakturatu zituzten, eta Gipuzkoako enpresaburu onenaren saria eman zioten Aingeru Aizpuru presidenteari. Baina 2009ko apirilean enplegua erregulatzeko neurriak hartu zituen zuzendaritzak. Lehendabiziko dosier hark langile guztiei eragin zien, sei hilabetez. Ordutik lan gatazka etengabea izan da enpresan. Bide bat edo beste erabilita, langileak murrizten eta lan baldintzak eskasten joan da enpresa. 2013aren hasieran, akordioa lortu zuten zuzendaritzak eta langileek lanpostuei bi urtez eusteko, Lana Erregulatzeko Txostena %33an aplikatuta. Baina urrian enpresak soldatak ordaintzeari utzi zion eta berriro gatazka bidean jarri ziren bi aldeak.