Azaroaren 25eko adierazpen instituzionala egin du Udalak

Baleike 2013ko aza. 25a, 09:45

Azaroaren 25a Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Zumaiako Udalak eraso mota honen aurrean duen jarrera tinkoa azaldu nahi du. Indarkeria matxistatik aske bizitzeko guneak sortzeko gure konpromisoa azaltzen dugu, gure ustez premiazko eta lehentasunezkoa baita. Horrela izan dadin gure agenda politikoan etengabeko tokia behar du izan bizitza kolektiboa antolatu era kudeatzeko ardura dugun heinean.

Gure gizartean sustraiturik dauden desberdintasunean oinarritutako giza harremanak sortzen ditugu oraindik, nahiz eta zenbait aldaketa nabaritu azken urteotan. Beraz, eguneroko jarrera eta ekintzetan ere aurre egin behar diogu arazo honi irtenbidea bilatzeko. Indarkeria matxistaren alderik gordinena jendeak ikusten eta ezagutzen ez duen hori da. Alabaina, indarkeria matxistak askotariko aurpegi eta adierazpenak dauzka, eta emakume guztiei eragiten die bizitza osoan. Etxeetan indarkeria matxista jasateaz gain, eremu publikoan ere mota eta intentsitate desberdineko hainbat portaera matxista eta bortitz ere jasan behar izaten dituzte emakumeek. Eraso matxistak ez dira gizon gutxi batzuen jokabide soilak, emakumeen eta gizonen bizitza antolatzeko eraikitako eredu baten parte baizik, emakumeei denbora kentzean eta emakumeen gorputza, afektuak eta lana gizonen zerbitzuan jartzean oinarritzen dena. Eredu horrek legitimatzen du egoera hori, emakume eta gizonen arteko desberdintasunen ondoriaz, eta neurri handiago edo txikiagoan baimentzen du emakumeen aurkako indarkeria.

Horri aurre egiteko, funtsezkoa da umetatik hezkuntza afektibo-sexuala izatea, errespetuan eta parekidetasunean oinarritutako bikote harremanak eta sexualitatea gara ditzaten. Beharrezkoa da gai honetaz beraiekin hitz egitea, eraso mota oro prebenitzeko izan behar duten papera azpimarratuz, eta adieraztea beren jarrera sexisten eta testuinguruaren gaineko erantzukizuna izan behar dutela.

Uste dugu indarkeria ez litzatekeela indarrean egongo indarkeria hori justifikatzen, legitimatzen eta ahalbidetzen duten gizarteratze-bitarteko jakin batzuk indarrean egongo ez balira. Izan ere, erlijioak, hizkerak, komunikabideek, familiak eta hezkuntzak zeresan handia dute indarkeria iraunarazten laguntzen duen gizarteratzean.

Horregatik guztiagatik, udal honek honako konpromiso hauek hartu ditu:

- Emakumeen ahalduntzea sustatzeko eremu komunak sortzea eta/edo baliabideekin indartzea: ahalduntzeko eskolak, emakume-etxeak eta haiek sarean antolatzea.

- Emakume gazteen aurkako indarkeria matxistari aurrea hartzeko erakunde arteko lan-prozesuak (Beldur barik programa adibidez) baliabide tekniko eta ekonomikoekin sendotzea.

- Berdintasun-politikak garatzeko baliabideak (giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak) urtetik urtera indartzea.

- Parte-hartzean oinarritutako prozesuak abian jartzea edo bultzatzen jarraitzea, jai-giroko erritu sinbolikoetan eta eremu soziokultural guztietan emakumeen parte-hartzea sustatzeko.

- Lan kolektiboa indartzen jarraitzea, indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeentzako arreta hobetzeko koordinazio-protokolo lokal edo mankomunatuen esparruan.

 

Azkenik, emakumeen foroak egun horretarako antolatutako jarduera eta mobilizazio guztiekin bat egiteko deia egin nahi dugu. Egun horretan kalera irten behar dugu, eta emakume guztiok mota guztietako indarkeria matxistatik aske izan arte borrokan jarraituko dugula oihukatu.