Bidegorriaren planoa
Duela bi urte egin zuen Zumaiako Udalak Axular Ibiltokitik Txikierdiko biribilgunerainoko oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea. Handik Narruondo alderako zatia Aldundiaren eskumena da, eta joan den astean iragarri zuen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean lanak esleituta daudela. Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako departamentutik jakinarazi digutenez, urrian bertan hasiko ditu lanak Altuna y Uria enpresa irabazleak, eta sei hilabeteko epean egina egongo da Narruondorainoko zatia.
Lanen ezaugarriak
Bidegorriaren zati berriak 764 metroko luzera du, hiru tartetan banatuta: biribilgunetik hasita 489 metro; ondoren, 160 metro baserri bide bat aprobetxatuz; eta azkenik, 115 metro bidegorri Narruondoraino. Zabalerari dagokionez, 4 metro zabal izango da, eta beste 0,5 metro argiteria, seinaleak eta abar jartzeko.
N-634 errepidearen azpitik pasatzeko bi gune izango ditu: bata, Txikierdi biribilgunean, 29,8 metrokoa, 4 metro zabal eta 2,65 metro altueran; eta bestea, Narruondo auzoan, 12 metro luze, 4 metro zabal eta 2,65 metro altueran.
Aldapei dagokienez, bidegorriak %3ko maldak ditu gehienez, azpiko pasabideetan izan ezik. Pasabideetan, %8rainoko malda ere badu.
Narruondo Auzoko lanen ondorioz, antolamendu berria ere egingo da: N-634 ondoan autobus geltokia berria egingo da espaloian, plaza eta haur jolasen gunea, eta gune hartara sartzeko trafikoa erregulatzen duen arrapala. Gainera, Udalak lanak aprobetxatuko ditu gasa eta zuntz optikoa Narruondoraino eramateko.
Argiteriari dagokionez, LED motako argiak erabiliko dira, eta eremu gehienetan 25 metroko distantzian egongo dira. Azpiko pasabideetan argiteria areagotu egingo da, intentsitate handiagoko argiteria jarrita.
Babes neurriei dagokionez, ibilgailuak, oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide berrira erortzeko arriskua dagoen hormigoizko hesia jarriko da. Bestelako babesak ere jarriko dira txirrindulariek eta oinezkoek erorikoa izateko arriskua duten lekuetan.
Bidegorri zati hau sare zabalago baten parte da; zehazki, Aldundiak diseinatutako Sare Nagusiaren bigarren ibilbidekoa (Donostia-Mutriku). Ondorengo fasean aurreikusita dago bidegorria Narruondotik Arroa Beheraino luzatzea.