Mapa: Nongoak gara zumaiarrak?

Baleike 2013ko urr. 11a, 09:50

Gaur egun Zumaian bizi diren 9.616 biztanletik erdia dira, gutxi gorabehera, Zumaian jaiotakoak; 4.990, hain zuzen ere. Kanpotik etorritako gainontzeko 4.626etatik beste erdika bat baino gehiago (2.579) gipuzkoarrak dira, eta gutxiago Euskal Herriko beste lurraldeetatik etorritakoak: 354. Beraz, 1.692 dira Euskal Herritik kanpo jaiotako zumaiarrak , biztanleriaren %17,6. Gehienak Espainiar Estatutik etorritakoak dira (1.132), baina gaur egun dagoeneko munduko 52 herrialdetako zumaiarrak dauzkagu (ikus datuak mapa interaktiboan). Datu hauek eta beste hamaika bildu ditu Aztikerrek Zumaiarren jaiotza lekuen mapa eta biztanleriaren bilakaera txostenean, Udalaren enkarguz. Erroldako datuak erabili dira azterketa egiteko.

Mapa interaktiboa

Datu interesgarriz jositako txostena osatu du Aztikerrek. Alde batetik, biztanleen jatorria ikertu dute, xehetasun handiz. Esate baterako, orain badakigu Zestoatik 388 edota Debatik etorritakoak 230 direla. Badakigu Angola, Australia, Cabo Verde, Mali edota Japoniako biztanle bana dagoela Zumaian; Marokotik (73), Errumaniatik (56) eta Kolonbiatik (44)  jende asko etorri dela. Baina kopuruekin batera, ezaugarriak ere aztertu dituzte: adina, sexua, etxeko kide kopurua... Eta hori guztia multzo bakoitzeko. Kanpotik etorritakoen erretratua egiten badugu, emakumea eta gaztea dela ikusiko dugu.

Gaur egungo zumaiarren erradiografia zehatzaren batera, biztanleriak denboran izan duen bilakaera ere ikertu dute. Adibidez, 1900 urtetik hona laukoiztu egin da Zumaiako biztanleria. 2.370 ziren orduan, 9.616 gara gaur egun. Biztanleriaren igoera esanguratsuena 1950eko eta 1970eko hamarkaden artean gertatu zen, batez ere Espainiatik lan bila etorritako etorkinen eraginez. XXI. mendeko lehen urteetan bigarren olatu bat gertatu zen, oraingoan munduko beste herrialde batzutatik etorritako jendearekin, baina ez zen aurrekoaren parekoa izan.

Berezitasun modura, biztanleria zahartzen ari den arren, Euskal Herriko herri gazteenetakoa da. Azken urteotan zahartze prozesua moteldu egin da, kanpotik datozenak gazteak direlako, neurri handi batean.

Zumaiarron argazki zehatz honetatik abiatuta, elkarbizitzan sakontzeko planak eta ekintza zehatzak jarri nahi ditu martxan Udalak.

Zumaiarren jaiotza lekuen mapa eta biztanleriaren bilakaera 2012