Kirola, heziketa eta aisialdia uztartzeko aukera izango dute haurrek

Baleike 2013ko urr. 7a, 10:04

LH1etik LH4ra bitarteko Zumaiako haurrek kirola, heziketa eta aisialdia uztartzen dituen ekimen berri batean parte hartzeko aukera izango dute. Joseba Sesma eta Jokin Gijarro dira ekimenaren bultzatzaileak, eta aste honetan eta hurrengoan (astearte eta ostegunean) doako erakustaldiak egingo dituzte haurrek probatzeko aukera izan dezaten. "Jolasa oinarri hartuta, taldean moldatzen ikasiko dute, lagunak eta aurkariak errespetatzen eta kirolaz gozatzen".Probako saioak urriaren 8an, 10ean, 15ean eta 17an izango dira. Herri Eskolako haurrei dagokienez, Juleneko eraikineko gimnasioan egingo dituzte. LH1-2ko haurrentzat, 16:45ean hasiko da saioa, 17:30era arte. Jarraian, LH3 eta LH4koek izango dute aukera. Maria eta Jose ikastetxekoek egun berberetan izango dute aukera, baina saioak ordu erdi beranduago hasiko dira: 17:15ean LH1-2koak, eta ondoren LH3-4koak. Saioak hiru ordu laurdenekoak izango dira eta parte hartzeko ez da izena eman behar. Bertara garaiz agertzearekin nahikoa da.

Saio hauekin batera, gurasoei zuzendutako bilera bana egingo dute Herri Eskolan eta Maria eta Jose ikastetxean. Herri Eskolakoa urriaren 9an izango da, 19:45ean, eraikin nagusian. Maria eta Josekoa berriz, urriaren 16an, ordu berean. Saio hauek antolatzeko bi ikastetxeetako guraso elkarteen erabateko babesa izan dute.

Haur eta gaztetxoen kirolean eragiteko helburua

Heldutasunean kirol jarduerak modu egokian garatzeko ezinbestekoa da txikitatik ondo erakustea. Kirolaren bitartez, haurraren garapenerako egokiak izango diren hainbat balore irakats daitezke, lehiaren gainetik talde lana, jolasa edota besteekiko errespetua lantzen badira. Joseba Sesma eta Jokin Gijarro adituak dira kirol jardueretan eta uste dute haurrekin lan handia dagoela egiteko. "Haurrei erakutsi behar zaie kirolean besteekin gozatzen, eta hori askotan ahaztu egiten zaigula iruditzen zaigu". Haurren kirol heziketan eragiteko hainbat ideia dauzkate eta horiek aurrera eramateko Gaindituz enpresa sortu berri dute bien artean.