Zumaiak ezin izan dio mailari eutsi

Baleike 2013ko ira. 16a, 13:58

Dena eman dute Telmo Deuneko mutilek asteburuan jokatu den kanporaketan, baina aurkariak gehiago izan dira eta arrauneko maila gorenari agur esan dio Zumaiak, zortzi denboraldi egin eta gero.

Azken hilabetean buru-belarri prestatu dute mailari eusteko kanporaketa, eta helburua lortzeko itxaropena ere bazuten, baina azkenean estropadek jartzen dute bakoitza bere lekuan eta aurten amore eman behar izan du Telmo Deunek. Larunbatean, Bermeoko estropadan hirugarren sailkatu ziren Zierbena eta Cabo da Cruzen atzetik, Meirari eta Lekeitiori ehuneneko batzuengatik aurre hartuz. Bermeon lortutako hiru puntuak ez ziren txarrak, Portugaleteko errioan beren benetako maila erakusteko konfiantza osoa baitzuten arraunlariek. Baina bigarren estropadan emaitza ez zen esperotakoa izan. Kolpea jo nahi zuten, baina azken postuarekin konformatu behar. Zierbena izan zen berriro azkarrena, Lekittarra, Meira, Cabo eta Zumaiaren aurretik.

Gauzak horrela, Zierbenak eta Cabo da Cruzek lortu dute 2014an San Miguel Liga jokatzeko eskubidea. Zumaia ARC1 ligara jaitsiko da, maila gorenean zortzi denboraldi eder osatu eta gero.

Sailkapenak

Bermeoko estropada

1. Zierbena 20:59,32

2. Cabo da Cruz 21:11,98

3. Zumaia 21:18,62

4. Meira 21:18,86

5. Lekittarra 21:19,20

Portugaleteko estropada

1. Zierbena 19:38,44

2. Lekittarra 19:39,00

3.Meira 19:39,56

4. Cabo da Cruz 19:48,32

5. Zumaia 19:55,42