Sasoi betean helduko dio Zumaiak TKEko kanporaketari

Baleike 2013ko ira. 13a, 17:56

Heldu da asteburua. Hemen da San Miguel ligako kanporaketa, eta zumaiar arraunzalea eta Zumaiaren zalea irrikaz dago bi estropada hauek ikusteko. Bihar Bermeon (18:00), eta etzi Portugaleten (12:00), datorren urteko ligan aritzeko bi leku egongo dira jokoan.

Bi egunetan erlojuaren aurka, bost talde buruz buruz: Cabo da Cruz, Isuntza, Meira, Zierbena eta Zumaia. Puntuak banatuko dituzte bi egunetan, eta gehien biltzen dituzten bientzat izango da saria. Berdinketa bada, bi egunetako denborak batuko dira.

Xanti Zabaletaren taldea ondo iritsi da estropada hauetara, sasoi puntu bikainean eta konfiantza handiarekin. Indartsu daude arraunlariak, eta ziurtasuna daukate bi egunetan lan ona egingo dutela. Aurrekariak daude beraiengan konfiantza izateko: batetik, ligako azken estropadetan emandako maila; bestetik, Zumaiak egin izan dituen lan onak kanporaketa honetan aurreko bietan: 2010ean eta iaz eutsi egin zion mailari; hirugarrenik, urte eta denboraldi osoan egin duten lan bikaina eta maila handikoa; eta azkenik, taldea eta ontzia gorantz datorren ziurtasuna; ematen du oraintxe daudela denboraldiko une gozoenean, teknikoki, fisikoki eta psikologikoki.

Arraun munduan dagoen ustea da inoizko kanporaketa berdinduena dela aurtengoa. Egia esatera, ia urteroko kontua izaten da berdintasunarena. Iaz ere antzekoa zegoen zabalduta, baina gero ez zen hain berdindua izan. Ikusiko da zer gertatzen den asteburuan. Baina Zumaiari irabazteko asko egin beharko dute arraunean beste ontziek. Aurreko asteko poz ikusgarriaren ondotik, beste bat ekarri baietz arraunlariek herrira!