Neskek ekarri dute Kontxako hirugarrena

Baleike 2013ko ira. 9a, 00:00

26 urte luze joan dira, baina azkenean emakumeek ekarri dute Zumaiara Kontxako hirugarren bandera. Estropada amaitu berritan egindakoaz jabetu ezinik aurkitu ditugu arraunlariak, baina egunek aurrera egin ahala ohartuko dira historikoa dela lortutakoa. Kontxan nagusi izan dira, sailkatze estropadatik azken egunera arte. Lehen kalea egokitu zaien arren, konfiantza osoarekin aritu dira eta laster ohartu dira Hibaika eta San Juan zumaiarrei aurre egiterik ez zegoela aurten. Donostiako kaira sartu direnean lehertu da festa: bandera jasotzean aurrena, gorri koloreko arranplan ondoren, Alde Zaharreko kaleetan, Zumaiako harrera jendetsuan... Ez dute sekula ahaztuko. Marka bat ezarri du, gainera, Zumaiak: mutiletan zein nesketan inoiz Kontxako bandera irabazi duen lehen herria da. Hemen jaso ditugun protagonisten hitzek adierazten dute gureek baino Kontxa irabaztea zer den. Argazki bilduma ere osatu dugu: gaurkoak gordetzeko modukoak, historikoak.

BIDEOA: Helmugaratu ondoko zirrara eta bandera jaso ondoren kantuan (ETB1)

Amaia Uranga (arraunlaria): "Arranpla dena gorriz ikusteak emozionatu egin gaitu"

Atsegin Odriozola (arraunlaria): "Gaur dena izan da sufritzen gozatzea"

“Ailegatu behar zuen momentua ailegatu dela uste dut. Gauza handiak lortu ditugu, baina gaurkoa izan da gozamena. Lehenengo kalea tokatu zaigu eta esan dugu ‘urtero tokatzen zaigu eta gaur ere tokatuko da!’. Oso-oso berezia izan da. Hitzik ere ez daukat esplikatzeko. Duela zazpi urte, Zumaia-Getariarekin, gogoratzen naiz sailkatze estropadan sekulako olatuak zeudela. Irlatik ateratzeko kapaz ere ez ginen ikusten eta kriston estropada egin genuen. Harra sartu zitzaigun barruraino. Banekien egunen batean iritsiko zela hau, ez nekien ni neu barruan egongo ote nintzen, baina gaur lortu dugu, 26 urte eta gero Kontxako bandera Zumaiara ekartzea. Orain heldutasuna ikusten zaigu arraunean, sendo. Gainera, geuk ere badakigu itsasoan ibiltzen, badakigu zertan ari garen. Hasieran dena zen esperientzia falta eta emozioei eutsi ezina; gaur dena izan da sufritzen gozatzea. Eskerrik asko Zumaiako herriari eta ea bandera gehiago etortzen diren Zumaia aldera. Eta orain mutilei animatzera”.

Leire Antia (arraunlaria): "Azken bi urteotan jauzi handia egin dugu"

Kike Manterola (entrenatzailea): "Lasaitu galanta hartu dugu; urte guztian bandera zahar honekin pentsatzen..."

“Lan handia eman du bandera honek. Niri behintzat hiru urteko lana. Duela bi urte, lehenengo igandean irabazi genuen baina bigarrenean kale; iaz, lehen igandean kale eta bigarrena irabazi; oraingoan, azkenean, bietan irabazi. Aurten taldeak beste heldutasun bat dauka, bi urtean asko ikasi dute. Akatsak zuzendu ditugu. Aurten talde sendoa geneukan, iazko oinarriari eutsita. Gauzak ondo atera dira. Eta denboraldi osoan. Estropada guztietatik bi bakarrik gelditu dira irabazi gabe eta oso denbora estuagatik. Hori handia da. Eta Kontxan sailkatze estropada eta bi igandeak, eta gainera bukatzeko lehenengo kaletik, inork nahi ez duen kaletik. Baina konfiantza geneukan. Kale txarretatik ere estropada asko irabazi ditugu aurten. Aseguratzera joan gara. Ziabogara lehenak iritsi nahi genuen eta lortu dugu, lehen olatua hartu barrura eta gehiago ez utzi arrimatzen. Sufritu egin dugu, baina gozatu ere bai. Lasaitu galanta hartu dugu. Urte guztian bandera zahar honekin pentsatzen. Azken egunetan kostatu zaigu lo hartzea ere, buruari bueltak eman eta bueltak eman. Baina dena ondo atera da eta orain disfrutatzera”.

Libana Taboada (arraunlaria): "Ekarri dugu trapua ere!"

Aintzane Irazoki (arraunlaria): "Kirol honek zerbait badauka, sartu garenok hor segitzen dugu"

Gu hasi ginenetik, duela 18 urte, asko aldatu da emakumeen arrauna. Imajinatu ere ezin genuen horrelako mugimendu bat sortuko zenik. Guk bateletan bakarrik hartzen genuen parte eta geure festa bakarrik izaten zen. Behin ere gertatu zitzaigun txapelketa bat irabazi eta sari banaketarako deitu ere ez… Baina denborak aldatu egin dira eta gaur zorionez egoera beste bat da. Gaur Kontxa irabazi dugu baina ez dakit oraindik jabetu garen. Besteek irabazten dutenean eta ikusten duzunean pentsatzen duzu zerbait handia behar duela izan eta orain guk irabazi dugula ez dakit konturatzen garen. Gozatzen behintzat ari gara, baina oraindik ez dakigu zer egin dugun. Denboraldia izugarria izan da, neguko entrenamenduetatik hasita. Aldageletan izugarrizko gogoa zegoen eta hori iritsi da emaitzetara. Izugarrizko lana egin da guztion partetik. Ni aurten bueltatu naiz eta benetan harrapatu nauena izan da aldagelan lagundu didatena. Eta aurrera begira espero dut honek segida izatea, bai gurekin edo beste batzuekin. Animatu nahiko nituzke batez ere Zumaiako neskak probatzera, hau bizi gabe ezinezkoa baita imajinatzea zer den. Kirol honek zerbait badauka, sartu garenok gehienok hor segitzen dugu eta”.

Oihana Erkizia (arraunlaria): "Oraindik ez gara jabetzen egin dugunaz"

Luis Mari Goikoetxea (klubeko ordezkaria): "Lehenak gara mutiletan eta nesketan Kontxa irabazten"

“Egun historikoa da hau, neskak eta mutilak Kontxa irabazten lehenak izan gara mundu guztian, Kantabriko guztian. Hori hor dago. Hori mundiala da. Oroitzapen asko etorri zaizkit eta negar egin dut tontoak bezala. 84an egin zuten lanaren antzekoa egin dute hauek aurten. Haiekin konpara ditzakegula uste dut. Azarotik aurrera lan handia egin dute eta orain fruitua ailegatu da. Kontxan zoragarri egin dute arraunean, beren erritmotik atera gabe, beraien lana behar bezala betez. Gaur ere pare bat segundo atzean izan diren arren, ez dute burua galdu eta beren lana eginez ziabogara aurretik iritsi dira eta gero zer esanik ez poparean. Neskekin hasi ginenean oso konplikatua zen. Jende gutxi, zerbait egin nahi eta ezin… Baina garai hartan txapelketa dezente irabazi genituen, jubeniletan-eta. Ordutik egin da lan eta orain fruituak iritsi dira”.

Nagore Osoro (arraunlaria): "Orain zelebratzea eta gozatzea tokatzen da"

Luis Osa (klubeko presidentea): "Emakumeek asko aberastu dute kluba"

“Lehen kluba gara neskatan eta mutiletan Kontxa irabazten. Gure xumetasunean, horretan behintzat nagusi izan gara. Orain jasotzen ari gara urte askotan jende askok egindako lanaren fruitua. Arraun elkarteak apustu handia egin zuen duela urte batzuk eta gogora ekarri nahi ditut Joseba Aristi eta Joseba Urbieta. Azkenean Kikek bere ekarpena egin du azken hiru urteotan eta emaitza etorri da. Eta klubari zer ekarri dion emakumeen arraunak? Hasteko, Kontxako bandera bat… Baina gure asmoa da kluba herrira zabaltzea, irekitzea, emakumeei, beteranoei… Gu ez gara konturatzen baina Bizkaira zoaz eta han ez dago emakumeen arraunik. Hori baloratu behar dugu. Emakumeek asko aberastu dute kluba”.

Mirari Ibarguren: "Oraindik ez dugu asimilatu egin duguna"

Edu Aristi (87ko patroia): "Herriaren historian gelditzen den lorpena da"

“Gaurko eguna, bandera irabazten duzun eguna, bat-batean joaten da. Urtea aurrera doan bezala konturatzen zara egindakoaz. Eta konturatuko dira. Gozatu dezatela egin dutenarekin, ez baita batere erraza Kontxa irabaztea. Jendeak pentsatzen du hori zerutik eroritzen dela baina horretarako lan asko egin behar da eta beraiek oso ondo egin dute. Herriaren historian gelditzen den lorpena da, eta meritu handia dute ikusita orain arte bandera guztiak galiziarrek irabazi zituztela. Euskal Herriko lehenak dira Kontxa irabazten eta hori hor geratuko da”.

Telmo Deun abestiaren hitzak