Larunbatean jokatuko da Zumaiako triatloia

Baleike 2013ko ira. 5a, 10:06

160 lagunek hartuko dute parte triatloi herrikoan (17:00etan); ondoren, 18:15etik aurrera, kirolari federatuen esprint distantzia Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da, 310 parte-hartzailerekin. Antolatzaileak oso pozik daude, bereziki proba herrikoiak zumaiarren artean izan duen harrerarekin. "harrera bikaina izan du. Izena emateko epea ireki eta aste eta erdira, gehienezko parte-hartzaile kopurua osatu genuen", azaldu du Andoni Agirre antolatzaileak.Triatloia edonoren eskura dagoela erakutsi eta kirola ezagutarazteko antolatu zuten iaz estreinakoz triatloi herrikoia. Ekimenak arrakasta izan zuen, eta bide horri eustea erabaki du Zumaiako Triatloi Taldeak. Erantzuna bikaina izan da, aurreikusitako geheinezko parte-hartzaile kopurua segituan osatu baitzen. 17:00etan hasita, 350 metro egin beharko dituzte igeri (arranplatik moila berrira), 10 kilometro bizikletan (Oikiara joan eta etorri), eta 2,5 kilometro korrika (Parolaldera joan-etorria). Irteera eta Helmuga Gernika parkean egongo dira. Materialarengatik inor probatu gabe gera ez dadin, antolatzaileek erraztasunak emango dituzte. Esate baterako, mendiko bizikletarekin egin ahal izango da: «Triatloiak errepideko bizikletarekin jokatzen dira. Gure asmoa ahalik eta herritar gehienek kirola ezagutzea da. Horregatik, proba herrikoian erraztasunak eman nahi ditugu. Uretako atala osatzeko, esaterako, betaurrekoak eta txapela guk emango ditugu, eta parte-hartzaileek ez dute uretako jantzi berezia eraman beharrik izango».

Bestalde, kirolari federatuek Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, esprint distantzian, 18:15etik aurrera. Triatloilariek 750 metro egingo dituzte ibaian igerian, 20 kilometro Zumaia eta Aizarnazabal artean bizikletan eta herrian zehar 5 kilometro korrika. Zumaiako Triatloi Taldea oso gustura dago probak kirolari eta herritarren artean duen harrerarekin. Andoni Agirre elkarteko lehendakariaren esanetan, kirolarien erantzunak «segurtasuna» eta urtero-urtero proba antolatzeko «indarra» ematen dio elkarteari.

Jakingarriak

-Dortsalak jasotzeko: 14:00tatik 17:45 harte ludotekan.

-Aparkalekuak: Aparkeleku egokienak estazio ondoko pabeloietan eta kiroldegi ondokoak.

-Moilaberriko zubia itxi egingo da triatloilariak pasatzeko unean.

-Dutxak, itsas kiroldegian.

-Zozketak egingo dira parte-hartzaileen artean.