Zumaiak bi traineru izango ditu gaur Kontxan

Baleike 2013ko abu. 29a, 10:16

Iritsi da denboraldiko estropadarik garrantzitsuena. Datozen bi igandeetan Kontxako Banderan lehiatzeko aurrena sailkatze estropada gainditu behar da gaur, eta han izango dira Zumaiako bi traineruak. Gizonezkoentzat aukera ona izango da mailari eusteko kanporaketako aurkariekin indarrak neurtzeko; Kontxarako sailkatzea ezusteko ederra litzateke, denboraldiko emaitzak kontuan hartuta. Emakumezkoei dagokienez, nagusi izan dira denboraldi osoan eta ez lukete arazorik izan behar banderaren lehiarako sailkatzeko. Emakumezkoen sailkatze estropada 17:30ean hasiko da; gizonezkoena 18:00etan.

Emakumezkoak

Emakumezkoek ekingo diote estropadari, 17:30ean. Erlojuaren aurka ariko dira, eta lau denbora onena egiten dutenak saikatuko dira banderaren lehiarako; hurrengo bi igandeetan izango da hori. Bederatzi traineru ariko dira gaur: Hondarribia, Zarautz, SantoƱa, Bizkaia, Orio, Mecos, Hibaika, San Juan eta Zumaia Salegi jatetxea. Galiziarrena da berrikuntza, traineru denboraldian ez baita lehiatu besteekin batera. Ikusi egin beharko da nolako maila duen ontzi horrek. Ez da orain arteko Kontxako Bandera guztiak irabazi dituen talde bera, eta jakinmin handia dago zer eman dezakeen ikusteko.

Denboraldiko emaitzak kontuan izanda, Zumaia Salegi jatetxeak sailkatu egin behar luke aurreneko lau ontzien artean. Sekulako ezustea litzateke kanpoan geratzea. Dakitena egiten badute, batere arazorik gabe lortuko dute sailkatzea.

Gizonezkoak

Gizonezkoen lehia izango da gero. 24 traineru zazpi lekuren bila. Bi multzotan banatu ditu antolakuntzak, eta estropada aurreko bileran zehaztuko da zein multzo aterako den lehendabizi, eta multzo bakoitzeko ontziak ze ordenatan aterako diren. Zumaia A multzoan dago, San Miguel ligako beste 11 traineruekin batera. Gainerakoak, B multzoan daude; mutzo horretan bada berrikuntza bat. Izan ere, Zarautzek uko egin dio parte hartzeari, asteburuan KAE 1 ligan jarraitzeko kanporaketa duelako, eta bere ordez Galiziako Chapela etorriko da (iaz zazpi onenen artean sailkatu zen, ezuste handia emanez).

Zumaiak lan zailak dauzka zazpi onenen artean sartzeko, denboraldi osoko emaitzek horixe ematen baitute aditzera. Baina estropadak jokatu egin behar dira, eta auskalo zer gerta daitekeen. Zumaiarrentzat bada beste lehia interesgarri bat bihar: San Miguel ligako kanporaketan ariko diren bost traineruak uretan izango dira (Zierbena, Isuntza, Meira, Cabo eta Zumaia bera), eta erreferentziak eta datuak ateratzeko lehen zantzuak eman ditzake biharkoak, betiere hau kontuan izanik: kanporaketan ez bezala, gaur ez da bete beharko arraunlari propioen araudia; hau da, nahi diren arraunlariak sartu ahalko dira tostetan. Hortaz, erreferentzia horiek ez dira fidagarriak izaten beti. Iaz esaterako, sailkatze estropadan, Santurtzik 20 segundo atera zizkion Zumaiari, eta gero, kanporaketan, Zumaiak aise menderatu zuen Santurtzi, handik hamabost egunera.

Itsasoaren egoerari dagokionez, ez da mugimendu handirik espero, ona dago emanda. Metrora ere iritsiko ez diren olatuak daude emanda, eta haizearen indarra ere ahula izango dela aurreikusten da.

Zumaiako arraun elkartearen bloga