Joxe Mari Gorostola gogoan

Baleike 2013ko uzt. 23a, 09:01

Joan den astean joan zitzaigun Joxe Mari Gorostola, Zumaiako arraunaren aitzindarietako bat. Ekaineko Baleike aldizkarian elkarrizketatu genuen, eta han kontatu zizkigun garai bateko istorioak eta komeriak. Urte batzuk zeramatzan etxetik irten ezinik baina interes handiarekin jarraitzen zituen arraunaren inguruko nobedade guztiak. "Asko maite dut arrauna", esan zigun orduan. Hemen irakur dezakezue elkarrizketa, argazki zaharrekin lagunduta. Gure omenaldi xumea.

“Traineruari buelta emateko jendearen laguntza behar izaten genuen”

Hastera doa traineru denboraldia, eta hor izango da Telmo Deun traineru berria. Duela urte batzuk, bestelako kontuak ibiltzen zituzten; materiala, esaterako, zeharo ezberdina izaten zen. Duela 60 urteko arrauneko istorioak kontatu dizkigu Joxe Mari Gorostolak, orduko arraunlarietako batek.

Mahai gainean, Orrua aldizkariaren ale bat dauka, 1987koa. Arraunlariei eta Aita Mari Arraun Elkarteari eskainitako zenbakia da. Kontxako Bandera irabazi berri baitzuen Zumaiak. Asko estimatzen du ale hori. Bigarren orrialdean, boligrafoz idatzia dagoen zerbaitegatik, batez ere: “Joxe Mari Gorostolari; zuek botatako azillari ezker orain ari gara fruituak biltzen”. Eta sinadura bat du azpian: Edu Aristi.

1987ko Telmo Deun hartako patroia zen Aristi, eta herriko arraunlari zaharrez oroitu zen. Haietako bat da Joxe Mari Gorostola (Zumaia, 1925). Lehengoek botatako haziak gogoan, ezin ahaztu Gorostolak eta kideek egindako lanaz. Hastera doa traineruen beste denboraldi bat, 2013koa, eta jarraitzaile fina izango da Gorostola, urtero bezala: “Asko maite dut arrauna”. Etxetik atera gabe darama hainbat urte, baina ederki ezagutzen ditu kontu guztiak; arrauna ez dauka ahazteko. “Platanito berri hori herriak ekarri duela-eta, lehen ere egin zen antzeko zerbait herrian. Koadrila bat ibili zen dirua biltzen Zumaiak trainerua erosteko”. Buruan dauzka gordeta kontu guztiak... eta dotore asko kontatu ditu.

Trainerua erosten ibili aurretik, batel bat erosi zuten beste batzuek: beraiek. Arraunean ibiltzen ziren, arrantzako bateletan-eta, baina lehian ibiltzeko zerbait falta: “1951n izan zen. Zazpi lagunek erosi genuen, geure patrikatik dirua jarrita, eta urte hartan bertan, Espainiako Batel Txapelketara azaldu ginen. Irunen jokatu genuen estropada”. Hirugarren egin zutela dio, Iberiaren eta Orioren atzetik, eta berehala bota du hau, serio jarrita: “Oriotarrek tranpa egin zuten. Beti izan dira tranposoak”. Azalpena ondoren: “Beruna jarri zioten batelari pisatzerakoan, legeak zehazten zuen pisua eman zezan. Baina gero, estropada jokatu aurretik, ezkutura joan ziren, berun zakua bateletik kentzera. Harrapatu egin zituzten, tranpetan zebiltzalako susmoa zabaldu baitzen. Azkenean, pabilioi batera eraman, eta berunezko gainkarga guztiak prezintatu egin zizkieten, ken ez zitzaten. Estropada Iberiak irabazi zuen, Orioren eta gure aurretik”.

Bistan da ez diola estimazio berezirik Oriori, baina haien laguntza ere izan zuten behin: “Laguntza baino gehiago, aholku tekniko bat eman zigun Batista Oliden handiak. Ez zen edozein hura. Kontua da, gure arraunen tabortak (arraunari eskuarekin heltzeko lekua) oso motzak zirela; palanka gehiago egiteko hala behar omen zuen. Gu metroarekin joaten ginen estropadetara, eta Orioren ontzian hasi ginen begira, neurriak-eta hartzen. Ikusi genituen beraien arraunetako tabortak, eta luzeak zirela konturatu ginen”. Zumaiarren taldearen inguruan ibiltzen ziren batzuek, ordea, beraienari eusten, motzekin segituko zutela: “Batista Olideni galdetu genion zertarako zeuzkaten taborta luzeak, eta esan zigun bularra gehiago irekitzeko zela. Taborta txikiei heltzeko, arraunlariaren gorputzak estutu egin behar zuen, eskuak elkarren alboan jartzearen ondorioz, eta handiekin, berriz, zabaldu. Bularraldea aurrerago botatzeko ere bazela esan zigun. Azkenean, jarri zituzten taborta handiak guretzat ere, arotzak egundoko lana egin eta gero”.

Oriorekin izandako kontuekin amaitzeko, batel baten inguruan gertatua kontatu du Gorostolak: “Guk erositako batelaz gain, beste bat ere erosi zuten Joxe Inaxio Apestegik-eta. Harekin ibili ginen urte batean, eta oriotarrak harrituta: 'Zumaiar hauek gainean dizkiagu beti, eta gu baino gehiago ez dituk, ba!' esaten zuten. Batelagatik izan behar zuela pentsatu zuten, eta erosi egin zieten ontzia Apestegi eta horiei. Joan ziren Espainiako Txapelketara, Donostiara, eta kale handia egin zuten. Batela egokia zen ibairako, baina ez itsasorako, eta oriotarrak batere probatu gabe atera ziren txapelketan. Hautsi egin zuten ontzia”.

Kontxako esperientziak

Bateletan ez ezik, traineruan ere ibili zen Gorostola. Osatu zuten taldea trainerurako, eta Kontxako estropadetan izan ziren, urte gutxi batzuetan: “Orduan ez zen orain bezala izaten. Donostiako estropaden antolatzaileak zortzi ontzi egin zituen, eta berak utzitakoarekin aritu ginen lehian”. Ondo gogoan dauka ontzi hura, “ontzi astun hura”: “Sekulako pisua zeukan, 400 kiloren bueltan. Egin kontu, entrenamenduak bukatu eta gero, begira zeudenek lagundu behar izaten ziguten ontziari buelta ematen”. Beste garai batzuk ziren. Orduan ez zegoen oraingo platanitorik, ez horixe: “Ez genuen berehala pentsatuko orain halako ontziak izango zirenik”.

Bakoitzari bere garaian bizitzea tokatzen zaio, eta orduko materialak aje horiek zituen. Arraunak ere astunak izaten ziren: “Duela urte batzuk, semeetako batekin joan nintzen arraun elkartera, eta Goikok esan zidan hartzeko arraunetako bat. Ezin nuen sinetsi. Ze arina! Horrelako lauen pisua zeukan gureetako batek”. Baina material astun harekin ibili behar izan zuten, eta ez da izan laneko tresnena aldaketa bakarra: “Entrenatzeko erak aldatu egin dira. Instalazioak-eta dituzte orain. Gu Kofradian aldatzen ginen, eta dutxatu ere bai, ur hotzarekin dutxatu ere. Gimnasia han kanpoan egiten genuen; nolako gimnasia, gainera!

Bedua aldera ere joaten ziren entrenamenduak egitera: “Manuel Galarraga Proes patroi genuenean, Gabonetan eta dena entrenatzen genuen. Izotza zuri-zuri eta Beduara joaten ginen. Menbrilloa eta azukre koskorra ematen ziguten eta gu pozik!”. Foronda inguruan ere ibiltzen omen ziren: “Korrika egitera hara joaten ginen, bertako markesak txanpon batzuk botatzen zizkigun-eta noizean behin”.

Entrenamenduen harira, arraunean jakinduria izatearekin lotu du gaia: “Ulertzeko arraunean ibilia izan behar du. Ez du balio lehorretik begira egon eta dena ulertzen dela esatea. Nik behin, entrenamendu batean, eskuak odoletan nuela bukatu nuen. Kontrankean joaten nintzen ni, eta hankekoari bizkarrean jotzen nion egun hartan, paladaren bila joaten nintzen bakoitzean. Toletak gaizki jarrita zeuden. Haserretu nintzen ustez ulertzen zuten horiekin, eta haiek ezetz, horrela behar zuela. Faborez! Arraunean gozatu egin behar dela esan nien, minik hartu gabe ibili. Hurrengo egunerako gauzak ondo jarrita zeuzkaten”.

Madrileko estropada

Bospasei urtean ibili zen arraunean Gorostola, eta 30 urte bete aurretik utzi zuen. Pena du, talde on askoa hautsi egin zelako: “Zerbait gertatu zen, eta ez genuen aurrera segitu ahal izan gure taldeak. Jarraitu izan bagenu, Kontxako bandera ekarriko genuela uste dut”.

Kontxa ez, bandera preziatua ezin izan zuten ekarri (hirugarren egin zuten 1954an), baina arraunak ezuste handi bat zien gordea: estropada batera Madrilera joatea. “Realean atezaina izan zen Eizagirrek egin zigun gonbitea. Casa de Campon izan zen, eta irabazi egin genuen. Zumaian, ongi etorria eta dena egin ziguten. Kamioian joan ginen, eta bidaia bi pusketatan egin genuen; Zaragozan pasatu genuen gaua”. Arrauneko bidaia hark beste aukera bat ere eman zion: “Santiago Bernabeu zelaia ezagutu genuen. Eizagirrek Kopako finalerako sarrerak eman zizkigun”.

Joan dira urte mordoa ordutik, eta arraunak hor segitzen du. Zumaiak, Telmo Deun berriak, jarraitzaile fina izango du. Gorostolak estropada guztiak ikusiko ditu telebistaz: “Ea zer egiten duten aurten”. Arraun elkarteko pin bat jertsean jarria duela kontatu ditu kontu hauek guztiak. “Jertse denetan dauka bat jarrita”, bota du emazteak, atzetik. Arrauna barru-barruan dauka, bai, Gorostolak. Edu Aristik idatzi zion bezala, hauengatik izan ez balitz...