Ontziolen auzia: 2007tik 2011ra emandako laguntzak itzuli beharko direla ebatzi du EBk

Baleike 2013ko uzt. 17a, 11:36

Espainiako estatuan 2007tik 2011ra tax lease formularen bitartez ontzigintzara bideratutako diru laguntzak itzuli egin beharko dira, Europako Batasunak gaur jakinarazi duenez. Horrela, hasieran iragarritako neurriari bi urte kendu dizkiote, orduan 2005etik aurrerakoak aipatzen baitziren. Horrekin batera, ebazpenak zehazten du inbertsoreek bueltatu beharko dutela dirua, ontzigileak eta ontzijabeak salbu geratzen direlarik. Balenciagan oraindik ez dute jakinarazpen ofiziala jaso, eta ez dute oraingoz baloraziorik egin nahi. Ebazpenaren ondorioak leuntzeko aukerarik ba ote dagoen aztertuko du orain sektoreak.

Diru laguntzen auzia ulertzeko giltzak

Kontuan izan behar da Espainiako estatuari dagokiola diru laguntzak erreklamatzea. Oraindik ez dago zehaztuta kopurua zein den ez eta dirua bueltatu beharko duten inbertsoreen zerrenda ere. Kasu gehienetan enpresa handiak dira (Santander, El Corte Inglés, Inditex...), baina tartean badira inbertsore txikiak ere. Edozein modutan, ontziolak oso kezkatuta daude, neurri honek inbertsoreak uxatuko dizkielakoan. Gainera, uste dute inbertsore askok epaiketara joko dutela, kontratu askotan arazo hauek saihesteko klausulak sinatu zirelako.