Gauzak gaizki ateratzen direnean zorigaiztoa izaten da aitzakiarik merkeena. Baina estropada berean hiru arraun hausteak ez du bestelako justifikaziorik. Edo agian bai... Duela pare bat aste beste bi arraun hautsi zituzten entrenatzen –zuntzezkoak dira arraunak–. Ez da batere ohikoa bost arraun haustea bi asteko epean. Klubean badute zer aztertu. Bestela, Telmo Deuneko mutilek bizi-bizi ekin zioten Donostiako estropadari –bezeperan 11. izan ziren Pedreñan–, baina arraunik gabe ezin lanik egin eta azkenak izan ziren sailkapenean. Zumaia Salegiko neskek ekarri dituzte albiste onak. Asteburuan jokatutako bi estropadak irabazi dituzte eta erakutsi dute aurkariak baino pare bat koska gorago daudela. Ea nagusitasunak denboraldi amaiera arte irauten duten.
Arraun elkartearen blogean irakur ditzakezue asteburuko kronikak.