Orain hilabete batzuk, 2012ko azaroan, Zumaian oso maitatua zen Bertil Lagerström artista suediarra hil zen ustekabean. Herriko lagun talde batek bere oroimenez omenaldi bat egitea pentsatu du eta horretarako zer hobeto berak hainbeste bizi zituen tabernetan bere artelanak jartzea baino. Bide batez, aipatu Bertili buruzko erreportajea egin dugu uztaileko Baleike aldizkarian.
Garai batean Zumaiako Arte Taldeak tabernetan egiten zituen erakusketetan inspiratuta, Bertilen omenez Hurrengo Tabernarte ekimena berpiztea bururatu zaio lagun talde honi, oraingo honetan artistaren lanekin bakarrik.
Erakusketa berezi horretarako Bertilen lana duen jendearen laguntza behar dute. “Gure asmoa da Bertili erositako koadroak edo, besterik gabe, Bertilen lanen bat duen jendearen kolaborazioa eskatzea, abuztuan zehar egingo den tabernetako erakusketak osatzeko”. Horrela, erakusketa antolatzeaz gainera, bilduma antzeko bat egiteko baliatuko dute aukera.
Beraz, Bertilen lanen bat duen edozeinek erakusketan parte hartzeko lana utzi nahi badu Alondegira eramatea eskatzen zaio, uztailaren 15tik 26ra, goizez 9:00etatik 14:00etara. Bertan agiri bat emango zaio, behin erakusketa bukatu ondoren lana berreskuratzeko irailaren 9tik aurrera.
Bide batez, artelanari argazki bat aterako zaio, balizko katalogoa egiten hasteko.
“Bertil ezagutu genuen guztion arteko elkarlanak erakusketa ederra antolatzeko aukera emango duelakoan, zuen laguntza edo kolaborazioa eskertuko dugu”.