Gipuzkoako bodyboard txapelketa jokatu zen pasa den asteburuan Donostiako Zurriola hondartzan, eta beste behin ere agerian geratu zen Zumaiako riderren maila eta denbora honetan izandako hobekuntza. Nabarmena izan zen, bereziki, 18 urtetik beherakoen mailan. Izan ere, hiru zumaiar, Unai Granados, Unai Elustondo eta Odei Garcia izan ziren onenak. Finala oso lehiatua izan zen eta ez zen emozioa falta izan. Hala, hirurak sailkatu ziren Euskadiko txapelketara.
Eguraldi onarekin, hondartza jendez gainezka zegoen eta giroa ere ederra zen bodyboard txapelketa bikain bat jarraitzeko. Olatuak ere ez ziren falta izan asteburuan. Open maila ere, txapelketako maila nagusia, emankorra izan zen Zumaiako riderrentzat: alex Uranga eta Xabier Urrestilla bigarren eta laugarren izan ziren, hurrenez hurren. Hauek Manex Armendarizek 16 urtetik beherakoetan lortutako bigarren postua batu behar zaie.
Kirolari hauek egiten ari diren ibilbideak badu saria, izan ere batzuk nazioarte mailako txapelketak jokatuko dituzte. Beraien entrenatzaile den Iban San Martinek jakitera eman duenez, Euskal Federazioak Unai Elustondo eta Unai Granados gazteak deitu ditu uztailaren 15etik 19ra bitartean Portugalko Viana do Castelhon jokatu diren selekzioen arteko txapelketan (Interzeltikoak) 18 urtez azpikoen mailan Euskadi ordezkatzeko. Bertan, 16 urtez azpikoetan, izango da baita ere Kauldi Odriozola zumaiarra. Honek Espainiako eskubaloi txapelketako kontzentrazio batean hartuko du parte, eta beste gazte zumaiarrekin batera joango da bidaian.