Zergatik daude ontziolak kinka larrian? Diru laguntzen auzia ulertzeko giltzak

Baleike 2013ko uzt. 9a, 09:49

 

Espainiak ontziolei emandako diru laguntza batzuen ebazpenaren zain daude Astilleros Balenciagan. Kontrako erabakiak kinka larrian jarriko luke sektore osoa. Auziaren nondik norakoak ulertzen lagundu digu ontziolako gerente Vicente Galdeanok.

UGT: "Europar komisioak gehiago inplikatu beharko luke ontzigintzan, enplegua eta aberastasuna sortzeko motorra delako"

Balenciagaren inguruko mozioa aurkeztu du EAJ-PNVk

Gutxi dira azken bost urteotan krisi ekonomikoaren ondorioak pairatu ez dituzten enpresak. Astilleros Balenciaga da horietako bat. 1990eko hamarkadan ekin zion azpiegiturak berritzeari eta duela 15 urtetik konplexutasun teknologiko handiko itsasontziak egiten ditu, petrolio plataformei laguntzeko itsasontziak batik bat. Bezero garrantzitsuen konfiantza eskuratu du –23 itsasontzi egin ditu jadanik Eskoziako Craig taldearentzat–; 300dik gora langilerentzako lana sortu du, eta urtero hiru milioi euroko inbertsioak egin ditu azpiegiturak egokitu eta produktibitatea areagotzeko. Etorkizun oparoa ziurtatzeko oinarri guztiak jarri ditu Balenciagak; baina, hala ere, azken asteotan kopetilun dabil Vicente Galdeano gerentea: “Europatik etorri den diru laguntzen auzian ontziola bera dago jokoan”.

Diru laguntzen auzia

Joan den ekainaren 27an Lehia komisario Joaquin Almuniak jendaurreko ekitaldi batean baieztatu zuen Espainiako ontziolek 2005etik 2011ra jasotako diru laguntzak (2.800 milioi euro) itzuli beharko direla, Europako Batasuneko arauen kontrakoak direlakoan. 1.000 milioi euro inguru jaso zituzten Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziolek . “Duela hilabete batzuk ez genuen halakorik espero, itxaropentsu geunden”, dio Galdeanok, “baina azken asteotan egoera erabat irauli da eta orain kinka larrian gaude. Almuniak zehaztu du dirua ez dutela ontziolek itzuli behar, ontzi jabeek eta inbertitzaileek baizik, baina horrek bezerorik gabe utziko gintuzke. Sektorearen amaiera izango litzateke”.

Uztailaren 17an emango du behin betiko erabakia Europako Batzordeak. Ontzigintza sektorea ahalegin betean dabil arduradun politikoen babesa lortu, Europari presio egin eta azken erabakia aldekoa izan dadin. “Nik oraindik ez dut itxaropena galdu, hau guztia sekulako zentzugabekeria da eta. Europak bide honetatik jarraitzen badu, urte gutxiren buruan ontziolarik gabe geldituko da, diru laguntza hauek herrialde guztiek dauzkatelako. Bere buruaren kontra ari da Europako Batasuna, eta Txinaren mesedetan”.

Mundu mailako lehia

Auzia ez dago ondo ulertzerik ikuspegia mundu mailara zabaldu gabe. Duela 15 urte, munduko ontzien % 25 Europan egiten ziren. Ordurako, Hego Koreak eta Japoniak indarra zuten, baina artean Txina eta India ez ziren ageri lehiakideen artean. Gaur egun, Txinak dauka merkatuaren % 35 eta Europa ez da % 5era iristen. “Txinak, Japoniak edota Indiak bultzatu beharreko sektore estrategikotzat hartu dute ontzigintza, lanpostuak sortu eta teknologia eta ekonomia garatzeko. Herrialde horietan ontziolek diru laguntza zuzenak jasotzen dituzte, estatuek diru asko inbertitu dute. Diru laguntza horiek bertan behera uzteko eskatu zuen Europako Batasunak OCDEn –mundu mailako ekonomia arautzen duen batzordean–, baina ez zuen lortu”.

Egoera horren aurrean, desabantailari nolabait aurre egiteko, ontziolak dauzkaten Europako herrialdeek zenbait babes neurri hartu zituzten. Horien artean, nazioarteko merkatuan lehiakor izateko diru laguntzak. Horixe da egunotan ezaguna egin zaigun tax lease formula. “Diru laguntza mota hau ez da soilik Espainian erabili. Frantziak, Ingalaterrak, Herbehereek, Poloniak, Maltak, Ziprek… Denek sortu eta erabili dituzte tax lease formulak, eta denak oso-oso antzekoak dira”.

Zer da tax lease-a?

Gehienontzat ez da erraza tax lease diru laguntzen funtzionamendua ulertzea. “Formula ulergaitz eta ilun hau sortu behar izan da Europan debekaturik dagoelako industriari diru laguntzak zuzenean ematea. Zeharkako bide korapilatsuak sortu behar izan dira”.

Kostu ekonomiko handia duten gaiak erosteko erabiltzen da (hegazkinak, trenak, filmak…). Beraz, ontzigintzarako oso egokia da. Azken helburua da erosleak berez dagokiona baino zerga gutxiago ordaintzea, produktuaren kostua merkatu eta Asiako ontziolen aurrean lehiakorrago izateko.

Nola egiten da? Laguntza zuzenak legez kanpokoak direnez, ontziolaren eta eroslearen artean bitartekariak sortzen dira. Ontzia eraikitzen ari direla, ontzi jabeak finantza erakundeen esku uzten du kontratua, leasing formula baten bidez –alokairuan, erosteko aukerarekin–. Ondoren, Interes Ekonomikoko Taldeek barkua eskuratzen dute hauek ere leasing kontratu baten bidez. Talde hauetan inbertitzaile handiak biltzen dira (banketxeak, Inditex, El Corte Inglés…). Hiruzpalau urteren buruan, azken ordainketa egin ondoren, ontzi jabeak eskuratzen du berriro itsasontziaren jabetza.

Non dago diru laguntza? Zergetan. Inbertsioen bidez zergak gutxitzeko aukera ematen du araudiak, kenkarien bidez. Azken emaitza da ontzi jabeak ontziaren kostu errealaren % 80 baino ez duela ordaintzen. Falta den % 20 Altxor Publikoaren kontura doa.

Frantziaren aurrekaria

“Arazoa da Europak ez duela estrategia bateratua eraiki Asiako ontziolekin lehiatzeko. Estatu bakoitza bere kabuz ari da; eta okerrena: borroka Europako ontziolen artean ari da gertatzen, eta auzokoari bezeroak nola edo hala kentzeko salaketen bidea hartu dute batzuek”. Hain zuzen ere, Herbehereetako ontziolen salaketak jarri ditu kinka larrian Galizia, Asturias eta Euskal Herriko ontziolak.

Baina ez da lehen kasua. “1999an Frantziak jakinarazi zion Europako Batasunari tax lease moduko diru laguntzak zeuzkala ontziolentzat. Eskaintzen dituzten diru laguntzen berri ematera derrigortuta daude EBko kideak. Europatik ez zen inolako erantzunik egon, 2005era arte: ez ziren bateragarriak Europako legediarekin. 2007an, azken erabakia: diru laguntzak itzuli egin behar zituzten. Baina Frantziak 1999an jakinarazi arren, Lehia Batzordeak ez zuenez neurririk hartu 2005era arte, denbora gehiegi pasa zela arrazoituta, azkenean ez zituzten behartu dirua bueltatzera”. Hau da, egoera bertsuan, 2007an Frantziako ontziolek ez zuten dirurik itzuli behar izan. “Irizpide berbera eskatzen dugu guretzat”. Bada, ordea, Lehia Batzordearentzat garrantzitsua izan daitekeen ñabardura bat…

Espainiaren utzikeria

Espainiak ere diru laguntza guztien berri emateko betebeharra dauka 1986an Europako Batasuneko kide egin zenetik. Baina Frantziak ez bezala, Espainiak ez zuen 2002an indarrean jarri zituen diru laguntzen jakinarazpen ofizialik egin. “2002an egin behar zuen legez… Baina 2005ean egin zezakeen, Frantziaren kontrako lehen erabakia egon zenean. Baina Gobernuak ez zuen ezer esan. Dena den, Europako Batasunak 2004tik bazuen Espainiak ematen zituen laguntza hauen berri, Herbehereetako ontziolek jarritako salaketen ondorioz, eta EBk ere ez zuen ezer egin. 2006an, Herbehereetatik beste salaketa bat jarri zen. Eta orduan bai, azalpenak eskatu zitzaizkion Espainiari. Erantzuna: diru laguntza guztiak arauzkoak zirela, gehiago zehaztu gabe. 2006tik 2011ra ez dago inolako mugimendurik gaiaren inguruan”.

Bistakoa da Espainiako Gobernuaren utzikeriak baduela zerikusirik auzian, baina Europako Batasunak ere arazoa loditzen utzi du 2011ra arte neurririk hartu gabe. “Azkenean, erakunde publikoen arduragabekeria geuk ordainduko dugu. Tax leasea aplikatu den bakoitzean Espainiako Ogasun Ministerioaren baimena izan dugu. Txosten horietan jasotzen dira detaile guztiak, eta banketxeek ez dute ordaintzen Ministerioaren sinadurarik gabe. Guk araua bete dugu beti”.

Erabakiaren ondorioak

Uztailaren 17an Lehia Batzordeak emango duen behin betiko ebazpenaren ondorioak larriak izan daitezke oso. Diru laguntzak bueltatu behar badira, ontziolek diote sektorearen heriotza ekarriko duela. “Almunia komisarioa behin eta berriro ari da azpimarratzen diru laguntza ez dutela ontziolek itzuli behar, ontzi jabeek eta inbertitzaileek baizik. Ohartu da erabakiak hondamendia ekarriko duela, 90.000 lanpostu daudela jokoan eta industria sektore oso bat galduko dela, eta bere burua zuritu nahi du. Baina bere argudioak ez du balio. Ontzi jabeak eta inbertitzaileak 2.800 milioi euro itzultzera behartzen badituzte, bezerorik gabe geldituko gara. Ontzi jabeak Asiara joango dira ontziak eraikitzera, eta inbertitzaileek beste leku batera eramango dute dirua. Gainera, erreklamazio piloa jasoko dugu eta epaitegietan ikaragarri luza daitezke auziak. Gureak egingo du”.

Ondorioak, gainera, ari dira dagoeneko pairatzen. Ziurgabetasun egoerak bezeroak uxatu ditu eta 2011tik kontratazioak behera egin du nabarmen. “Herbehereentzat oso errentagarria izan da gu salatzea. Gure bezero asko bereganatu dituzte, salaketak sortu duen konfiantza ezagatik. Ontzigintzak konfiantza funtsezkoa da, inbertsio handiak direlako eta epeak luzeak direlako. Egoera honetan, nor etorriko zaigu itsasontzi bat kontratatzera? Nork emango digu finantziazioa? Zer hornitzailek egingo du gurekin lan ezin badugu ziurtatu gure etorkizuna? Baina Herbehereetako ontziolek arazo berbera izan dezakete laster, apirilean haien kontrako salaketa jarri genuen eta. Azkenean ondorioa zein da? Ontzi jabeak –munduko ontzi jabeen erdiak baino gehiago europarrak dira– Asiara joango dira kontratatzera Europan dagoen ziurgabetasun juridikoak uxatuta”.

Balenciagaren 405. ontzia, kolokan

Azken ebazpenaren zain egon gabe, dagoeneko borroka juridikoak ondorio larriak ekarri dizkio Balenciagari. Ontziolak egin dezakeen ontzirik handiena eraikitzeko enkargua jaso du, baina orain dena geldirik dago. “Balenciagaren 405. itsasontzia da. Gure azpiegiturengatik, egin dezakegun handiena: 92 metro luze. 60 milioi euro balio du. Abu Dahbiko ontzi jabe estatalarentzat da. Haientzat egingo genukeen bosgarren ontzia da hau, harreman bikaina daukagu eta konfiantza dute guregan. Kontratua sinatuta dago, finantziazioa lortuta, milioi bat euro ere aurreratu dute harmailetan lekua gordetzeko… Orain dena airean dago”. Urrian ziren hastekoak ontzi berriaren lehen lanekin, eta 2014 osorako lana ziurtatzen zien arabiarren kontratuak. “Edozein dela ere Europaren erabakia, kasurik onenean, jadanik ezingo ditugu epeak bete. Eta ebazpena gure kontrakoa bada, ezinezkoa izango da kontratuari eustea. Nola esango diegu arabiarrei duela urte batzuk egin genien ontzi batengatik beste hamar milioi euro gehiago ordaindu behar dituztela orain?”.

Aberdeengo (Eskozia) Craig taldea da Balenciagak azken urteotan izan duen bezerorik garrantzitsuena. Gaur arte, 23 itsasontzi egin dituzte eskoziarrentzat –azkena amaitzen ari dira–, eta beste sei egiteko harremanak nahikoa aurreratuta zituzten. “Craig taldearentzat 23 itsasontzi egin ditugu, eta tax lease diru laguntzak jaso dituzte. Zer aurpegirekin esango diegu orain ehun milioi euro bueltatu behar dituztela. Ez du zentzurik. Diru laguntza hauekin lortzen dugun bakarra da Asiak dumping-aren bidez (diru laguntza publikoak, finantziazio merkea, soldata oso baxuak, lan eta ingurumen baldintza onartezinak Europan…) jartzen dituen prezioetan lehiakor izatea. Azkenean, ontzi jabeak, merkatuko prezioa ordaintzen du”.

Azken urteotan eraikitako zenbait ontziren argazkien artean, lan kargaren egutegia dauka itsatsita Galdeanok bulegoko horma batean. Azarotik aurrera amildegia dauka marraztuta. “Langile Batzordearekin hitz egin behar dut. Egoera ez bada aldatzen, neurriak hartu beharko ditugu”. Craigentzat amaitzen ari diren ontzia eta arrantza ontzi bat, oraingoz ez daukate beste lanik aurreikusita.

Itxaropenari eutsi

Egoera larria izanik ere, Galdeanok ez du itxaropena galtzen. Garbi du bidegabekeria izugarria litzatekeela sektorea zigortzea eta uste du Lehia Batzordearen erabakia aldarazteko aukera badagoela. “Bizi dugun krisi ekonomikoarekin, dagoen langabeziarekin, zer zentzu du 90.000 lanpostu sortzen dituen sektorea osorik hondoratzea eta beste aldetik milaka milioi euroko diru laguntzak ematea, hain zuzen ere, gazteentzat lana sortzeko. Non egingo dute lan gazte horiek industriarik ez badago?”.

Bestalde, Espainiako Gobernuak ez zuen zuzen jokatu diru laguntzen berri eman ez zuenean, baina demostratu da Europako Batasunak 2004tik bazuela diru laguntza horien berri eta ez du inolako erabakirik hartu 2011ra arte. Frantziaren kasuan aplikatutako irizpideak –Administrazioaren neurri ezak ematen duen babes juridikoa – balio beharko luke kasu honetan ere. Eta badute beste argudio bat: “2009an Norvegiako ontzi jabeek gutun bat bidali zioten orduko Lehia komisarioari Espainiako tax lease diru laguntzen inguruan kontsulta egiteko. Komisarioak erantzun zuen diru laguntzak ez zirela diskriminatzaileak. Erantzun horren ondorioz, Norvegiako ontzijabeek hainbat kontratu sinatu zituzten Espainiako ontziolekin. Orain dirua itzularaziko al diete?”.

Aldiz, ebazpena aldekoa bada, Balenciagak eta Euskal Herriko gainontzeko ontziolek etorkizun oparoa dute Galdeanoren iritziz. “Bizkai eta Gipuzkoako ontziolak dira, dudarik gabe, Estatuko ontziolarik modernoenak eta sendoenak. Etorkizun oparoa dugu ebazpena aldekoa bada eta lan egiten uzten badigute. Gainera, Europako Batasunari tax lease sistema berri bat –aurrekoaren oso antzekoa, ñabardura batzukin– onartzeko eskatu zitzaion. 2013aren hasieratik dago indarrean, EBren bedeinkapenarenarekin. Gu geu azpiegituretan inbertsio handiak ari gara egiten, epe luzerako etorkizuna bermatu nahi dugulako. Korta industriagunean 2.800 metro koadroko lantokia prestatu dugu, ontziolan lekua irabazteko. Gainera, dena estaltzen ari gara, euri egunetan ere ehuneko ehunean lan egin ahal izateko. Produktibitatea hobetzeko neurriak ari gara hartzen”.

Balenciagak 320-350 lagunentzako lana sortzen du zuzenean –98 dira lantaldekoak, gainontzekoak azpikontratatuak–; gainera, itsasontzi baten kostuaren %70 ekipamenduak dira eta inguruko enpresetan erosten dituzte (Azcue, Guascor, Mendiola, Pasai…), beste hainbat lanposturi eusten laguntzen duelarik.