Isiltasunetik egindako eta ikusteko artelanez osatutako erakusketa zabaldu du Pablo Soraluze artista azpeitiarra Oxford aretoan. Uztailaren 21era bitartean ikusteko aukera izango da, egunera, 18:00etatik 20:00etara.
Hemen duzue bere lanen inguruan Soraluze berak esandakoak:
Zumaiako Oxford aretorako aurkezten dudan erakusketa azken hamar urte hauetako lan prozesuaren ondorioa da. Zumaia erakusketa egiteko leku bezala aukeratzea esanahiz beteriko erabakia da. Lehenik, esan beharra dago, aurkeztutako lanetatik batzuek Algorriko Flyschak dituztela inspirazio iturri, bai estetikoki (nahiz eta naturaren irudikapena bilatu ez izan) eta baita kontzeptualki ere. Bigarrenik, Zumaian erakusketa egiteak herrian bertan apaiz lanetan aritu zen Aitor Emazabeli eginiko omenaldi xumea izan nahi du.
Oxford aretoan aurkeztu nahi diren lanak kontzeptu bat dute amankomunean: isiltasuna. Isiltasuna izan da lan prozesuaren bitartez nire baitan lortu nahi izan dudan barne egoera. Era honetan Asia aldeko arte tradizioarekin bat egin nahi da, non eta artelanek ez duten natura juzgatzen, berau zalantzan jarriz, baizik eta beraien helburua, margotzen duen niaren baitan ezeztapen-baieztapen espazioa sortzea izanen den.
Aretoan 2003. urtetik gaur arte burututako lan ezberdinak erakusten dira. Lan guztietan egurra erabili da material gisara. Berau landu eta erabiltzerako orduan interbentzio minimoa egitea izan da nire helburua. Egurra soilik moztu eta itsastea, interbentzio minimoa materiarekiko. Interbentzio minimo honek, materiarekiko bizipen eta erlazio zuzena ahalbidetu izan nahi du, era honetan momentu konkretu bakoitzaren bizipen osoa ahalbidetuz. Esan daiteke, lan hauek, Zumaiako Flyschen antzera,osotasunean bizi izan nahi diren denbora edo une konkretuen metaketaren isla garbi direla.
Koloreari dagokionez, egurrak berak ematen dio kolorea lan bakoitzari. Materiaren tratamenduarekin gertatu izan den bezala, ikuslearen interbentzioa koloreari dagokionez minimoa da. Ez dago kolore gehikuntzarik, ez dago margotze lanik, egurrak berak ematen dio lanari kolorea. Honen ondorioz, egurrak bere baitan aurkezten dituen ñabardura eta berezitasun kromatiko guztiak agerian jarri nahi dira. Materiaren bitartez, berau entzunez, bearengan arreta osoa jarriz, egilearen nahiz ikuslearen barne hutsunea bultzatzea bideratu nahi da. Berdin gertatzen da lan prozedurarekin ere. Egilearen interbentzio minimoa bilatu nahi da, garrantzitsuena ez delako bukaeran emaitza jakin bat lortzea, lan prozedura eta orainaldiko momentu konkretu bakoitza baizik.
Beste alde batetik aipatu behar da errepikapena dela lan guzti hauek batzen dituen beste ildoa. Errepikapena, beti ere, itxurazkoa suertatzen da. Itxurazkoa den errepikapen horietako forma, espazio, erritmo, nahiz argi edo kolore nabardurak garrantzi itzela dute lan hauetara gerturatzerako orduan.
Isiltasunezkoa da lan hauek bai egilearengan eta baita ikuslearengan bultzatu nahi duen barne egoera. Barne isiltasuna, hutsunea edo ezeztapena bideratu nahi dira, gizakia baieztapen eta osotasun izan dadin.
Barne isiltasunetik jaiotako testigantza izan zen Aitor Emazabelek Zumaian eta beste hainbat lekutan zabaldu zuena. Erakusketa hau berari eskainia da. Erakusketa honek, erakustokian, nahiz norberaren baitan barne isiltasuna bultzatu nahi du; Aitor Emazabelek hainbat urtetan egindakoaren antzera.