Zumaia Salegi Jatetexeak irabazi egin zuen Pasaian igandean jokatu zen estropadan. Gipuzkoako ligako aurreneko jardunaldia zen, eta zumaiarrek lehendabiziko bandera irabazi dute; lidergoan ere jarri dira.
Erlojuaren aurka binaka aritu ziren sei ontzi, eta Bizkaiak, zazpigarrenak, bakarrik egin zuen arraun. Zumaia Salegi Jatetxea azkeneko txandan atera zen San Juanekin. Lehen luzean, pasaitarrak hobeto moldatu ziren, segundo bat azkarrago, baina bigarrenean, bederatzi segundo azkarrago joan zen zumaiarren ontzia. Hirugarren eta azken luzean ere Zumaia Salegi Jatetxea azkarrago moldatu zen, eta beste hiru segundo atera zizkion San Juani, liga honetako beste traineru indartsuari. Azkenean, 10 segundo eta 26 ehunekoa izan zen zumaiarren aldeko aldea.
Atzetik sartu ziren Hibaika (23 segundora), Bizkaia (34ra), Orio (35era), Hondarribia (minutu batera) eta Zarautz (minutu eta zazpi segundora).
Gipuzkoako ligako hurrengo jardunaldia ere Pasaian izango dute, uztailaren 20an.
Aurretik, datorren asteburuan, Euskotren ligako lehen bi jardunaldietan izango da Zumaia Salegi Jatetxea: larunbatean Pedreñan, eta igandean, Donostian.
Gizonezkoen ontziak, aldiz, ez ditu emaitza onak atera San Miguel ligako bi estropadetan, Galizian. Bietan azkena izan zen, eta ligako sailkapenean ondorio hauek utzi dituzte bi emaitzok: azken saillkatua Castreña lau puntura gerturatu zaio, eta azken hirugarrenak, Pedreñak, hiru puntuko aldearekin ihes egin dio.
Honen informazio gehiago Zumaiako Arraun Elkartearen blogean duzue.