Inazio Tolosa: "Gure buruaz, gure zahartzaroaz, zahartzaroaren irudiaz edo ideiaz barre egiteko sortu dugu antzezlan hau"

Baleike 2013ko uzt. 3a, 13:04

 

Orain hiru urte emakumeen inguruko 'Zer diyon?' antzezlana aurkeztu zuen Itzurungo uhinak taldeak. Hiru urte geroago zahartzaroaren ikuspegia taularatuko du Itziar Odriozola, Luisa Mari Aristondo, Mari Karmen Etxabe, Nekane Soraluze, Arantxa Ostolaza, Loli Aramendi, Ixabel Dorronsoro eta Peio Azkuek osatzen duen taldeak 'Zaharrak berri' lan berriarekin. Taula gainean beste zumaiar bat izango da: Pili Egigurenek zuzeneko musika joko du. Debuteko saioa ostiralean izango da, 22:00etatik aurrera Aita Mari zinean. Sarrerak aurrez salgai daude turismo bulegoan, 8 euroan. Saio honetan orain hilabete hil zen Jontxu Alzibar omenduko dute.

Aste honetan zehar ari dira azken entseguak egiten Aita Mari bertan. Inazio Tolosa zuzendariak tarte bat egin du galdera batzuk erantzuteko.

Zer da antzezlan honetan kontatzen dena?

Aurreko antzezlana emakumeen ingurukoa zen, iraganetik gaur egunera arte. Honetan etorkizunera joan gara, zahartzaroa landuz.

Antzezle beraiek ere adinean aurrera doaz…

Jubilatuak dira. Oraindik ez dira zahartzarora heldu, ez zahartzaroa orain ikusten dugun bezala, behintzat. Orain 70 urterekin ez zara zaharra sentitzen. Zaharrak 80tapikotik aurrera da, dagoeneko ezintasun batzuk sumatzen direnean. Hala ere, bada hurrengo urratsa jende honentzat eta denontzat. Modan jartzen ari den gai bat ere bada. Pelikula oso interesgarriak ere ikusten ari gara. Normala ere bada, gizartea aurrera doa eta.

Lehen 70 urterekin karta jokoan edo telebista ikusten egoten ziren. Orain jende aktiboa da.

Guk parodia egiten dugu kartetan jokatze horrena. Beti egon da kartetan jokatzeko ohitura hori. Orain 200 urte ere gizonezkoak eta emakumezkoak kartetan jokoan arituko ziren adin batetik aurrera. Gizartean dagoen irudia zaharrena, ajez betetako jende batena da, baina horrek dagoeneko ez du existitzen. Doña Rogeliak jada ez du existitzen. Guk txikitan ezagutu ditugu emakumeak beltzez jantzita. Horrek dagoeneko ez du existitzen. 100 urteko andreak ikusten ditugu telebistan eta ez dute amona zaharren itxurarik. Harrigarria da gizartea nola ari den aldatzen. Antzezlan hau horren isla da. Gure buruaz, gure zahartzaroaz, zahartzaroaren irudiaz edo ideiaz barre egiteko sortu dugu antzezlan hau, komedia bat eginaz.

Komedia hau, berez, nagusien egoitza batean kokatuta dago, jubilatuen egoitza batean, bigarren solairua izango zena Zumaian. Gero, antzerkia antzerkiaren barruan ere badugu. Une batzuetan subertsibo batzuek agertzen dira kontatzen ari garena aztertzen; haria mozten dute eta aztertzen hasten dira kontatzen ari garena era egokienean ari garen kontatzen edo ez. Hortik ere kritikak sortzen dira eta futurologia antzerako bat egiten da, non pentsatzen den hemendik 30 urtera 90 urteko jendea nolakoa izango den. Gaur egungo gizartearen planteamendua ere aztertzen da, beti ere komedia aldetik.

Orain hiru urte beraien bizitzaren pasarteak jasotzen zuten ‘Zer diyon?’ antzezlanean. ‘Zaharrak berri’ honek ere ba al du dokumentalaren joera hori?

Bizipen zatiak ere baditu eta dokumental ukitu horiek ere baditu. Hala ere, aurrekoa gehiago zen dokumentala. Oraingoan fikziora gehiago doa. Asko hitz egin dugu gure artean. Urrian hasiko ginen hitz egin eta jolasten gai honi buruz. Gertatzen da hor, norberaren inguruan, hainbat erreferentzia daudela. Badago oraindik dokumentalaren kutsu hori norbaitek kontatu behar duela zerbait bizi izandakoa, edo bizi izan ez badu, alboko norbaiti gertatutakoa.

Esan duzu urrian hasi zenutela prozesua. Idazketa lana erraza izan al da?

Aurreko lanaren gidoia nik egin nuen. Orain ez da hala izan: Luisa Marik idatzi du bere zatia, nik buelta batzuk eman dizkiot, Peio Azkuek ere asko idatzi du… Antzerki mota ere oso desberdina da. Esan daiteke ia sketchak direla, baita ere monologoak. Honek ere baditu une koralak, baina antzezle guztiek dute bere une propioa. Ikusten dira Alzheimerraren gaia, ikusten dira pilulak hartzearen kontua… dena ahalik eta modu dibertigarri eta maitagarrienean.

Gai serioa da jorratzen duzuena. Garrantzia ere badu era goxo batean aurkezteak.

Gu komediaren bila joaten gara. Badaude halako isla poetikoa duten uneak, baina hori aurrekoak ere bazituen. Aurrekoak kritika bazuen, eta uste dut oraingoak ere baduela. Komediak ez du izan nahi gauza arina dela eta dramak sakona. Komedian gauza serioak ere landu daitezke. Gure filosofiatik ikusten dugu istorioa. Komedia ez dugu egiten komedia egiteagatik soilik, baizik eta ikusten dugulako badela gai bat komediaren bitartez landu daitekeena.

Berrikuntza bat bada: gizonezko bat dago taldean.

Ari da aldatzen: gaztetan mutilezko gehiago daude neskak baino. Ez Zumaian bakarrik; Azpeitian ere esan zidaten 14 urteko mutilezko asko apuntatu dira inoiz antzerkia egin ez dutenak. Orain futbola eta antzerkia dute. Pozgarria bada, orain arte kultur gaiak gehiago izan direlako emakumeentzat. Gazteen artean badirudi eredu hori ari dela aldatzen.

Zuen kasuan Peio Azkue sartu da.

Beti gustatu izan zaio antzerkia. Orain 30 urte Kandidokin antolatu genuen ikastaro bat, Elena Irureta eta biok ikastera joaten ginenean, eta ordurako han zegoen Peio. Beti egon da tentatuta eta orain ausartu da hemen sartzera, eta gainera lan handia egin du idazten ere. Elementu hau behar genuen. Arriskua ere egon daiteke kaña gehiegi sartzearena emakume guztien aldetik!

Entseguak ondo joan al dira.

Beno, bai. Hiruzpalau hilabetez ariko gara entsegutan. Asko entseatu ditugu eszena koralak. Testu berri batzuk iritsi dira azken unean; obra ez zegoen idatzita, idazten joan da denborarekin. Askotan errematea izaten da zailena eta azken testuak pasa den astean eman nizkien.

Dekoratu berezi batekin jantziko al duzue obra?

Nik nahi nuen bezalako konjuntorik ez dut aurkitu, baina hortik, erregalo bezala, heldu zaigu banku eta mahaiaz osatutako konjunto bat, pixka bat terraza irudia ematen duena. Hori da eszenografia bakarra.

Zer aurkituko du antzezlana ikustera joango denak?

Jendeak badaki zertara datorren. Zumaiako jendea sentsazio oso onekin joaten da. Ondo pasatzera etortzen dira eta baita bere albokoa, bere bizilaguna edo ama antzerkia egiten ikustera. Barre egitera doa, baina Zumaiako ikusleari ezin zaio edozer gauza eman. Istorioak zerbait eduki behar du aurrera egiteko, eta zaharren gaia hartzen denean gutxi gorabehera badakite nondik joango den.