Gipuzkoako surf txapelketa jokatu da pasa den asteburuan Donostiako Zurriola ondartzan. Zumaiako surflariek lan bikaina egin dute eta hiru herritar heldu dira finaletara.
Master mailan (beteranoetan), bi izan dira finaletara heldu diren zumaiarrak: Roberto Fuentes 'Popeto' eta Imanol Gutierrez. Olato handirik ez zen izan eta ezin izan zuten maniobra handirik egin. Mangaren amaieran, Popeto hirugarren izan zen eta Imanol laugarren. Garrantzia handia du lortutako postuak, izan ere, finalera heltzeak irailean Bakion jokatuko den Euskadiko txapelketa jokatzea ahalbidetzen baitu. "Han lan txukun bat egiten badugu, abenduan Mundakan jokatuko den proba berezi batera sailkatzea ekarriko luke", dio Popetok.
Imanol Yeregi gaztea, berriz, Open mailako finalera heldu zen txapelketa eder bat egin eta gero. Finalean ez zuen zorte handirik izan eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Hala ere, onenen artean aritzeko maila duela erakutsi du Imanolek beste behin ere.