Otezuriko erabiltzaileen familiartekoak: "Gure familiartekoak ez dira altzariak, pertsonak dira!"

Baleike 2013ko uzt. 2a, 10:37

Hilabete baino gehiago da egoitzetako langileek hitzarmen berria eskatzeko greba hasi zutela. Zumaiako kasuan, Eguneko zentroko eta San Juan Egoitzako langileek sinatu dute aurreakordioa egoitza hauek kudeatzen dituzten enpresekin. Ez horrela Otezuri zentroko langileek. Denbora honetan aurrerapausorik ez dela izan azaldu zuten pasa den astean egin zuten protesta ekitaldi batean. Egoera honen aurrean, Otezuri zentroko erabiltzaileen familiartekoak ohar bat igorri dute hedabideetara arazoa konpontzeko eskatzen.

Honela dio oharrrak:

"Gerozerlan enpresak kudeatzen duen Otezuri egoitzako erabiltzaileen familiartekoak gara. Hemen bildu nahi izan dugu hilabete baino gehiago dirauen egoera salatzeko, hori baita orain arte lan-gatazkak iraun duen denbora.

Aldundiari eta Gerozerlan erakundeei eskatu nahi diegu egoera latz honi lehenbailehen irtenbidea emateko, erabiltzaileen bizi-kalitatea gero eta ahulagoa baita.

Guk kuota ordaintzearen ardura hilero betetzen dugu, ordainean, Gerozerlan enpresa ez da ari betetzen sinatutako hitzarmena, eta horrek gure familiartekoei fisikoki eta psikologikoki zuzenean eragiten die.

Familiartekoak ahalmenik gabe eta beldurrez sentitzen gara. Beldurra sentitzen dugu langile murrizketa dela eta, zerbait gertatzea dagoelako.

Egoitzan babesgabeko pertsona asko dago. Gehienak menpekoak eta oso menpekoak dira. Egunero arreta eta zaintza bereziak behar dituzte, eta, gaur egun, ez dira ari jasotzen.

Gure familiartekoak ez dira altzariak, pertsonak dira!

Eta guk zera galdetzen dugu: Noiz arte luzatuko da egoera hau? Zeinek babesten ditu gure familiartekoak?

Irtenbideak berehala nahi ditugu!

Irtenbide horiek ez badira azkar iristen, hemendik Arartekoari dei egiten diogu gure eskubideak bermatzen laguntzeko".