Alex Odriozolak Euskal Zirkuituko lehen proba irabazi du

Baleike 2013ko eka. 18a, 10:23

Alex Odriozola zumaiarrak asteburuan Donostiako Zurriola hondartzan jokatutako bodyboardeko Euskal Zirkuituko lehen proba irabazi du. Ondorioz, lidergoan jarri da.

Hasiera batean proba irabazteko faboritoak Antonio Ortiz eta David Perez baziren ere, gazte zumaiarrak sekulako finala jokatu zuen eta proba irabaztea lortu zuen. Finaleko azken minutuan erabaki zen nork eskuratuko zuen garaipena, lidergoan aldaketa ugari izan ziren eta. Eguraldia eta itsasoaren egoera ere alde izan zuten eta finalean ikuskizun ederra jarraitzeko aukera izan zen.

Iaz 18 urtetik beherakoen Europako txapelketa irabazi bazuen, aurten gogotsu ekin dio Alexek Euskal Zirkuituari eta bere maila handia erakutsi zuen kirolari beteranoen aurrean.