Zumaiako Ludoteka zabaldu zenaren 20. urteurrena bete da aurten. Horren harira antolatutako ekitaldien artean, atzo, osteguna, argazki erakusketa zabaldu zen Oxford aretoan. Gaur ikasturte amaierako festa egingo da beheko plazan eta datorren larunbatean ospakizunetako egun handia izango da.
20 urte hauetan ateratako argazkiak biltzen dira ekainaren 23ra bitartean ikusi ahal izango den erakusketa honetan. Irudietan agertzen diren haur txikiak pertsona helduak dira eta haietako batzuk inaugurazio ekitaldira inguratu ziren. Aretoaren erdian jarritako panel batzuetan Udalekuetako argazkiak ere erakusten dira, hauek ere 20 urte betetzen baitituzte.
Gaur bertan ikasturte amaierako festa izango dute Ludotekako bazkideek, baina egun handia datorren larunbatean izango da. Bazkari herrikoia, jokoak, kontzertua... hainbat ekitaldi izango dira plazan. Bazkarirako txartelak erosteko epea gaur amaitzen zen, baina oraindik txartel batzuk geratzen dira eta epea igandera arte luzatzea erabaki dute. Txartelak + kamiseta turismo bulegoan daude salgai 13 euroan helduentzat eta 9 euroan haurrentzat. Kamiseta bakarrik erosi nahi izanez gero, 3 euroan dago salgai.
Erakusketako zabaltze ekitaldian, Ludotekatik hurreratutako haur batzuek bertso batzuk abestu zituzten. Gaia: "Maritxu nora zoaz" da.
Ludotekara goaz
ondo pasatzera
Kurkux da gure maskota
jatorra da bera
jolaserako bada
pila bat aukera
barre egiten dugu
guztiok batera
Bihurriak garela
esaten digute
begiraleek gurekin
nahiko lan badute
Ludoteka hasi zen
orain hogei urte
jolasten jarraitzea
hori nahi genuke