Bi zumaiar gaur Aizarnazabalen jokatuko den erlojuaren aurkako Gipuzkoako txapelketan

Baleike 2013ko eka. 12a, 08:30

Aitor Olaziregi (Viveros San Anton) eta Eider Unanue (Caja Rural), bi txirrindulari zumaiar izango dira gaur Aizarnazabalen jokatuko den Joxe Larrarteren oroimenezkoan, edo erlojuaren aurkako Gipuzkoako txapelketan.

Gizonezkoetan 2013ko rankinga kontutan hartuta, 15 izango dira parte hartuko duten txirrindulariak; Aitor Olaziregi izango da gainera txapelketari hasiera emango diona, 19.15etan bera izango da irteeran lehenengoa. Seguros Bilbao taldeak utzi dion bizikleta bereziari esker, Olaziregik aurre egingo dio Aizarnabazal-Bedua-Aizarnazabal ibilbidea osatzen duten 14 kilometro pasatxo horiei. Parte hartze hutsarekin helburua beteta du Aitor Olaziregik, baina duen guztia emango du, karrera hau prestatzen lagundu dioten guztiei gutxienez bere esker ona erakusteko.

Eider Unanuek, Caja Ruraleko txirrindulariak, beste helburu bat izan lezake. Junior emakumeetan hiru izango dira parte hartzaileak eta ikusita nola dabilen bere mailako lehenengoa izatea har lezake helburu. Hortxe izango da urrearen borrokan. Badu gainera bere aldeko kontu bat: azkena izango da irteeran, beraz pedalei berdin berdin eman beharko badie ere, besteen erreferentziak izango ditu eta hori horrelako lasterketetan lagungarri da.

Behin juniorrek beren lana amaitutakoan, 23 urtez azpiko eta elite mailako txirrindularien lasterketa jokatuko da.