Udal langileek 2012ko Gabonetako aparteko ordainsaria jasoko dute

Baleike 2013ko mai. 31a, 14:26

Asteazkenean egin zen ez ohiko Plenoak udal langileei 2012ko Gabonetako aparteko ordainsaria ematea onartu zuen. Erabaki honek Bildu (6) eta Aralarren (1) aldeko botoa jaso zuen. EAJ-PNVk (4), aldiz, aurka bozkatu zuen. PSE-EEko zinegotzia ez zen plenoan izan.

Rajoyren Gobernuak onartutako Dekretu bat medio, funtzionarioek (erkidegokoak eta udaletxeetakoak barne) ez zuten pasa den Gabonetan aparteko ordainsaririk jaso. Zumaiako Udalak diru kopuru hori 'ez erabilgarria' bihurtu zuen etorkizun batean langileei ordaintzeko erabiltzeko. Asteazkeneko plenoan erabilgarria bihurtzea eta ondorioz langileei ordainsaria ematea onartu zen.

Erabakia ez zen Edurne Egaña (EAJ-PNV) zinegotziaren gustukoa izan. Bere esanetan, "eta kontuhartzailearen iritzia kontutan hartuta", erabakia "arauen aurka" doa. "Zuzenbidearen aurka doan erabaki politikoa da. Eskatu genuen puntu hori gai ordenetik kentzea edo bestela aurka botatuko genuela. Hori jakinda ere, Udal Gobernuak aurrera jarraitu du desobedientzia legal baten bila. Desobedientzia legalak salbuespena izan behar da, eta hau ez da kasua".

Iñaki Ostolazaren (Bildu) ustetan, Rajoyren gobernuak onartutako Dekretuak "langileen eskubideak urratzen zituen. Bere momentuan pausoa eman zen diru hura gordetzeko eta ahal zenean liberatzeko. Orain pauso hori eman dugu. Egoera hura ez zen bidezkoa eta kontsekuentziaz jokatu dugu. Lasaitasun eta harrotasun osoz emango dugu pauso hori".

Arazorik ez bada, udal langileek ekainean aurtengo ordainsaria eta iazko Gabonetakoa jasoko dituzte.