Greba orokorra erantzun zabala izaten ari da Zumaian

Baleike 2013ko mai. 30a, 11:11

Eskubide sozial eta laboral duinak aldarrikatzen duen greba orokorra erantzun zabala ari da izaten Zumaian.

Udal zerbitzu guztiak, udaletxea, kultur etxea, Musika eta Dantza eskola edota kiroldegia itxita daude.

Enpresei dagokionez, Balenciaga, Lagun Artea, Mendiaraiz, Zelai Azpi edota Guascor bezalako enpresatan grebaren aldeko bozka egin zuten langileei. Ez horrela GKN Ayra Durex eta Bombas Azkuen; enpresa hauetan lan egitea erabaki zen. Xey eta Okinen ez zen bozketarik egin eta askatasuna eman zaie langileek greba egiteko edo lanera joateko. Kortan, langile propioek greba egin dute; propioak ez direnek askatasuna dute lanera joan edo greba egiteko.

Hirugarren sektorearen kasuan, taberna guztiek egin dute bat grebarekin. Dendatan ere erantzuna zabala da: kasu bat edo beste ezik, denek itxi dituzte gaur ateak. Okindegiei dagokionez, Errotak zabalik daude goizeko lehen ordutan, ez horrela Ogi Berrikoak. Eroskiren supermerkatuak grebara joan dira; Diarena zabalik dago. Banketxe eta aurrezki kutxen kasuan, Euskadiko Kutxa, Kutxa, Rural Kutxa, La Caixa eta BBVAren bulegoak itxita daude; Santander eta Sabadell Guipuzcoanorenak irikita. Bitxikeria bezala, bazar txinatarrek ez dituzte gaur ateak zabaldu.

Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, egingo da Zumaian eguneko bigarren manifestazioa, Kofradiatik aterata.