Biharko greba orokorraren harira, Udal Gobernuak ohar hau bidali du:
Maiatzaren 30eko greba orokorrarekin bat egiten du Udal Gobernuak
"Gehiengo Sindikalak eta gizarte eragile ugarik deitu dute greba orokorra Hego Euskal Herrian maiatzaren 30erako, eskubide sozial eta laboral duinen alde. Horixe da leloa ‘Euskal Herriak eredu propioa, eskubide sozial eta laboral duinen alde’, eta greba honen bidez langilegoaren kontrako eraso eta eskubide murrizketen aurrean ‘nahikoa da’ esan nahi da mobilizazioen bidez.
Lan eskubide, justizia soziala eta batez ere demokrazia aldarrikatzeko eguna izango den arren, askoz ere gehiago izango da. Izan ere, Euskal herritarrek jasaten dituzten erasoei aurre egingo dion mobilizazio eta herritarren burujabetza dinamika baten hasiera izango da. Herritarron bizitzak Gasteiz, Iruñea eta Madrildik gidatzeko asmoa duten gobernuek, aspaldian herritarrei bizkarra ematea erabaki zuten, finantza botere handien aginduak betetzeko asmoz. Benetan demokratikoa den sistema batek ez ditu etxe-kaleratzeak gauzatzen; ez du pribatizatzen, eta ez du langabeziara ezta miseriara kondenatzen, gutxi batzuen etekinak mantentzen jarraitu ahal izateko.
Ukatutako demokrazia hori berreskuratzeko, Euskal Herriarentzat burujabetza exijitzeko garaia da. Herri hau osatzen duten gizon-emakumeak dira, indarrean dagoenarekiko gizarte eredu ezberdina garatzeko politikak erabaki eta martxan jarri behar dituztenak. Burujabetza beharrezkoa da, gure beharrei erantzuteko eta pertsonen duintasuna bermatzeko gai ez den eredu zaharkitua eraldatzeko.
Hori horrela, Zumaiako Udal Gobernuak bat egiten du greba deialdi honekin, eta herritarrak ere beren eskubideen defentsak greban parte hartzera animatu nahi ditu. Hala, Zumaiako udal eraikin publikoak itxita izango dira herritarrentzat eta zerbitzu minimoak soilik emango dira Udaletik, beraz, erregistro nagusia udaltzaingoetan izango da."