Zumaiakoren kadeteek Ligako finala jokatuko dute, bihar, Beasainen

Baleike 2013ko mai. 25a, 08:37

Aurtengo denboraldia biribiltzeko partida jokatuko dute bihar Zumaiakoren kadeteek Beasainen. Liga txapeldunaren titulua izango da jokoan eta aurkaria S.A.N.S.E. izango dute.

Zumaiakoren lehen mailako kadete taldea Ohorezko kadete mailan izango da datorren denboraldian. Denboraldia amaitu baino jardunaldi batzuk lehenago lortu zuen Antonio Vazquezek eta Felix Nolaskoainek gidatzen duen taldeak. B taldeko onenak izan ziren gorritxoak eta bihar A taldeko onenarekin neurtuko dira Ligako talde onena zein izan den erabakitzeko. Aurrez aurre S.A.N.S.E. taldea izango dute (klub honek ez du zer ikusirik Realarekin). Partida goizeko 11:30ean jokatuko da Beasaingo Igartza futbol zelaian.

Zumaiakok autobusa jarri du partida ikustera joateko eta taldea animatzeko. Goizeko 10:15ean aterako da Ayra Durex paretik.