Cabaret girora eramango gaitu, bihar, Astindu taldeak

Baleike 2013ko mai. 24a, 10:46

Eguraldiak kontrakorik erabakitzen ez badu, Broadwayera eta Cabaret girora eramango gaitu Astindu taldeak bere azken ikuskizunarekin. 'Broadway-Cabaret' honen estreinaldi hau Maiatza Dantzan ekimenaren baitan kokatzen da.

Bihar gauean izango da ikuskizuna. Dantzari eta aktoreak 22:30ean abiatuko dira Kofradiatik kalejiran Beheko Plazara. Plazan jarraitu ahal izango da ikuskizuna. Pavis Beiras da ikuskizunaren zuzendari artistikoa eta koreografiak Beiras berarenak eta Isaak Aranberrirenak dira.

'Broadway-Cabaret' honek iraganera garamatza, XX. mende hasierako taberna-zuloetara. Hank (Iñigo Azpitarte) lokal baten jabea da, eta lokal horretan gauero lau emakumek ikuskizun musikalak aurkezten dituzte. Emakume horiek nortasun nahasmen itzela dute eta jokabide histrionikoa, muturrekoa, paranoikoa eta obsesibo-konpultsiboa. Hanken adiskide eta laguntzaile pertsonala, Felix (Jon Urbieta), konturatu da lan pilaketak erabateko deskontrolera daramatzala Khara (Esti Korta), Greta (Maria Jose Zubia), Emma (Goiz Eder Iturain) eta Lorein (Maddi Uranga). Lanak eskatutako arretarekin, lokalaren famarekin eta proiektu berrien gauzatzearekin Hank egoeraz jabetuko da, baina orduan neskek jarraitzeari uko egingo diote. Hala ere, azkenean, mundu artistikoan lan egiteko gogoak berriro batuko ditu.

Hemen duzue Dantzara saioaren baitan Astindukoek eskaini zuten aurrerapena.