Arritokietarako txirrindularitza igoerarako izen-ematea zabalik dago

Baleike 2013ko mai. 17a, 10:54

Datorren larunbatean, hilaren 25ean, Arritokietarako bigarren txirrindularitza igoera egingo da. Kirol patronatoak, Zumaiako Txirrindulari Elkarteak eta Sastrakas mendiko bizikleta taldeak antolatzen dute proba hau, eta izen-emate epea dagoeneko zabalik dago.

Egun horretako ekitaldiak 9:30ean hasiko dira Beheko Plazan benjamin mailako haurrentzako egingo den ginkana batekin. 10:15ean alebin eta infantil mailako igoera izango da, Beheko Plazatik Arritokieta elizatxora. Maila hauetan kilometro bat egin beharko dute erlojuaren aurka. Ondoren, 10:30ak aldera, kadete, jubenil, nagusi eta beteranoen igoera izango da. Hauen kasuan, bi kilometroko bidea egingo dute erlojuaren aurka. Helmuga Andika baserrietatik hurbil izango da.

Izenak emateko epea dagoeneko zabaldu da. Haurrek beraien ikastetxeetan eman beharko dituzte izenak; kadeteek, jubenilek, nagusiek eta beteranoek Lubaki kiroldegian. Izen-ematea doan izango da eta epea ostiralean, maiatzaren 24an, amaituko da.