EH Bildu: "Zumaiar guztiok irabazi dugu akordio honekin"

Baleike 2013ko mai. 16a, 23:48

Asteartean aurkeztu zen akordioaren inguruko prentsaurrekoa eman dute EH Bildu koalizioa osatzen duten Zumaiako ezker abertzaleko, Eusko Alkartasunako eta Aralargo jarraitzaile talde batek, Mari kalean. Akordioa sinatu izanarekin pozik agertu dira eta hauen esanetan, "zumaiar guztiok irabazi dugu" akordio honekin.

"Pozgarria eta elkar zoriontzeko modukoa" iruditzen zaie asteartean jakin zen albistea. "Akordio honek, adostasuna oinarri izanik, bete-betean heltzen dio iaz egiten genuen eskaerari. Izan ere, alde batetik, lehia politikoak alde batera utzi eta ezberdinen arteko adostasuna lortu da eta bestetik aho batez adierazi da helbuua %80ko emaitzak lortzea izan behar dela".

Aipatzekoa iruditzen zaie Zer Zabor Zumaian taldeak hondakinen mahaian erakutsitako jarrera. "Etengabe adostasunaren bila ibili ondoren, eta hasieran kontrakoa zirudien arren, azkenean lortu dugu Zumaian helburuetan eta bilketa sistemaren oinarrietan guztiok ados jartzekoa". "Gaiztotzen ari zen gai hau era sosegatu batean tratatzeko" egindako lana eskertu zuten. Zumaiako Natur Taldeak hasieratik erakutsitako jarrera ere nabarmendu dute.

"Txalotzekoa" iruditu zaie urtebete honetan Zumaiako Udalak eduki duen jarrera. "Iaz burutu zen plenoan irainak eta mehatxuak jasan arren, probokazioetan erori gabe gaia joko politikora eramateko tentazioari izkin gin eta diskrezioz emaitzak hobetzeko teknikoki beharrezko ziren lanak egiten jarraitu du". Mahaian lortutako adostasunarekin Udalak iazko martxoko plenoan onartu zen helburua betetzeko "mugarri izango den aurrerapausoa" eman du, herritar hauen ustetan.

EAJ-PNV "akordio hau lortzeko eman duen pausoa" ere aipatu dute gaurko agerraldian. "Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula duela urte gutxi hondakinen %60a erraustearen alde egin zutenek egun %80a bereizita jasotzeko helburuarekin bat egitea, sistemak integrala eta kontrolatua izan behar duela onartuz". "Aurrerapauso handia" bezala ikusten dute, eta Zumaian eman duen pausoa Gipuzkoara zabaltzera animatu ditu.

Herritar talde honen esanetan, "zumaiar guztiok irabazi dugu akordio honekin, eta Zumaian erakutsi dugu gai honekin politika egitea baino, herritar guztion onerako diren akordioak lehenetsi behar direla".

Amaitzeko, berriz ere herritarrak hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzera animatu dituzte, "herrian aho batez adostu den %80ko helburu horretara lehenbailehen hel gaitezen".