San Juan Egoitzako langileak: "Sekulako zaplastakoa jaso genuen alkatearekin izandako bileran"

Baleike 2013ko mai. 16a, 11:24

San Juan Egoitzako eta Otezuri Zentroko langileak greba mugagabean daude astelehenetik; ez horrela Eguneko Zentrokoak, hura kudeatzen duen enpresak (Eulen) aurreakordioa sinatu eta gero. Eguna Eusebio Gurrutxagan pasatzen dute, Udalak utzitako denda baten babesean.

San Juan Egoitzako langileak astelehen eguerdian bildu ziren Iñaki Agirrezabalaga alkatearekin. Itxaropentsu joan ziren bilerara, ordurako Gizarte Zentroko langileek gatazka bideratzea lortu zutelako. Emaitza, baina, ez zen esperotakoa izan: "Sekulako zaplastakoa jaso genuen. Gurea, Eguneko zentroa bezala, enpresa pribatu batek kudeatzen duen zerbitzu publikoa da, kasu honetan, Udalarena. Eta haiek bezala, uste genuen guk ere lortuko genuela aurreakordio batera heltzera. Baina ez da hala izan. Alkateak esan zigun Udala eta San Juan Egoitza kudeatzen duen enpresa (Auzolagun) ez direla heldu akordio batera. Enpresak proposamen bat aurkeztu du, baina ez da guk nahi duguna; guk sektoreko hitzarmena nahi dugu". Grebarekin jarraituko dutela adierazi langileen ordezkari batek.

Langileen eskakizunekin ados dagoela adierazi du Iñaki Agirrezabalaga Alkateak. "Pentsatzen genuen akordioa lortuko genuela, baina oraindik ez gara horretara heldu. Auzolagunek barne arazoak ditu; beste egoitza gehiago ditu eta beldur da San Juaneko onartuko balitz, besteetan ere eskakizun berdinak egongo direla".

Otezuri Zentroaren kasuan, denbora honetan enpresaren berri (Lamourous) ez dutela izan gaineratu zuen.