Dorlet enpresa da gaikako bilketa kontrolatua ahalbidetzen duen teknologiaren sortzailea. 1989an sortu zuten unibertsitateko proiektu bati jarraipena emanez, eta Arabako Parke Teknologikoan du egoitza nagusia. Txip elektronikoetan oinarritzen da proposatzen duten sistema osoa. Sasietako Mankomunitatean ezarri zen lehen aldiz, baina ez modu integralean. Esate baterako, Lazkaon organikoa biltzeko edukiontziak jarri zituzten sistema elektronikoarekin, baina herritarraren parte hartzea borondatezkoa zen. Zumaian bilketa sistema osoa kudeatuko da sistema honekin, eta parte hartzea ez da hautazkoa izango.
1.-Txip elektronikodun edukiontziak
Irekitzeko sistema elektronikoa dute edukiontziek, txip baten bitartez. Sistema honi esker, informazio erabilgarri asko gorde daiteke: nork zabaldu duen, zer ordutan, zenbait aldiz… Irekitzeko baimenak ere kudea daitezke: soilik ordu jakin batzuetan zabaldu, gaizki erabiltzen ari denari ukatu… Joko handia ematen duen sistema da.
Erabiltzaile bakoitzak txartel pertsonalizatua du. Edukiontziak zabaltzeko txartela gerturatu besterik ez da egin behar. Txartelak programa daitezke soilik etxetik gertuen dauden edukiontziak zabaltzeko. Horrela, edukiontzi bakoitzak erabiltzaile kopuru mugatu eta finkoa du , eta hobeto kontrola daiteke nork erabiltzen duen ondo eta nork ez.
3.-Barra kode pertsonalizatua duten poltsak
Hondakinak edukiontzietara botatzeko poltsa pertsonalizatuak erabiltzeko aukera eskaintzen du sistemak. Poltsa hauek eskuratzeko herrian zehar zenbait makina jartzeko aukera eskaintzen du enpresak. Poltsa batzuk konpostagarriak, materia organikorako; eta besteak gainontzeko hondakinentzat. Edukiontziak zabaltzeko erabiltzen den txartel berberarekin eskuratzen dira poltsak makinetatik. Gainera, txarteleko informazioarekin makinak barra kode pertsonalizatua inprima dezake poltsetan. Horrela, gaizki sailkatutako poltsaren bat topatuz gero, arduraduna identifikatzeko aukera dago.
4.-Informazio sistema zentralizatua
Sistemako osagai elektronikoek sortzen duen informazioa modu zentralizatuan kudeatzen da. Edukiontzietako txipetan gordetako datuak jasotzeko bi aukera daude: langile batek egin dezake edukiontziak banaka errepasatuz, gailu elektronikoekin lagunduta; edo, bestela, hondakinak biltzera datorren kamioia presta daiteke informazioa automatikoki jaso dezan.
Sistema honekin erabiltzaileak ondoen datorkion egunean eta orduan bota ditzake hondakinak edukiontzira. Hori bai, gaika ongi sailkatuta, sistemak kontrolerako aukera zorrotzak aurreikusten baititu. Horrela, egunero ausaz hautatutako hamar edukiontzi beste guztietatik aparte bildu eta hondakinak ondo sailkatu diren aztertzeko proposatzen du Zero Zaborrek. Edukiontziak txipean gordetako informazioarekin eta poltsetako barra kodeen bitartez, erraz identifikatu ahal izango da gaizki sailkatutako hondakinaren jabea. Koderik gabeko poltsa anonimoak azalduz gero, edukiontzia nortzuek ireki duten ikus daiteke txipeko informazioan, eta noren poltsa falta den ondorioztatu.
Bilketa sistema berriarekin batera, epe jakin batez kale hezitzaileak jartzeko proposamena egin du Zero Zaborrek, zailtasunak izan ditzaketen herritarrei laguntzeko. Behin ikasketa epea gaindituta, udal ordenantzan jasotako isun sistema indarrean jartzea eskatzen da. Aldi berean, sistemak aukera ematen du ondo sailkatzen dutenak saritzeko.