Zumaiako hondakinen mahaian parte hartu duten eragile guztiek edukiontzi txipdunak erabiltzearen aldeko akordioa sinatu dute, gaur arratsaldean prentsaurrean jakinarazi dutenez. Hartutako erabakiak "atzera bueltarik" ez duela adierazi du Iñaki Agirrezabalaga alkateak. Orain, sistemaren azterketa teknikoa eta ekonomikoa egingo dute ezarri aurretik.
Hartutako erabakiak honako sei puntu nagusi ditu:
- Hondakinen bilketa erabiltzailea identifikatuko duen txip elektronikodun edukiontzien bidez eta barra kodedun poltsen bidez egitea aurreikusten da. Edukiontziak irekitzeko txartel pertsonalizatua izango du etxe bakoitzak, eta honek gertuen dituen frakzio bakoitzeko edukiontziak irekitzeko aukera emango du (gutxienez, organikoa, errefusa eta ontzi arinak). Txartelak barra kode propioa izango du, eta herritarrak barra kodeaz identifikatuta dauden poltsak soilik erabiliko ditu bere hondakinak edukiontzira botatzeko. Egutegi finkorik ez da izango hondakinak botatzeko.
- Edukiontzi guztietan bertara bota beharreko frakzioaren azalpen zehatza jasoko duten irudiak eta bilketaren inguruan dauden arauen berri emango duen informazioa jartzea aurreikusten da.
- Eraikin publiko eta kaleetako zakarrontziak zaborra gaika botatzeko lekua duten zabor ontziengatik ordezkatuko dira.
- Enpresa, komertzio zein elkarte gastronomikoei, beren hondakinak gaika biltzeko zerbitzua hobetzea aurreikusten da. Dendak banan bana edo sektoreka aztertu eta beraiekin batera murrizketan, berrerabilpenean eta birziklapenean hobekuntzak bilatzeko bidea zabaltzea izango da helburua.
- Herrian egiten diren ospakizun desberdinetan (udalak zuzenean antolatutakoetan edota lagundutakoetan) hondakinak ahalik eta gutxien sortu eta gaika bilduko direla bermatzea aurreikusten da.
Sistema honekin, epe motzean, herriko hondakinen %80a inguru gaika biltzea ahalbideratu delakoan dira. "Helburu horretara ez bagara iristen, neurri zuzentzaileak jarri beharko dira".
Oraindik ez da erabaki sistema hau noiz ezarriko den Zumaian, aurrez azterketa teknikoak eta ekonomikoak egin beharko dira eta. Baina, Alkatearen esanetan, "epe motzera" izango dela uste da.
Hemen irakurri dezakezue Hondakinen mahaiko partaideek sinatutako dokumentua.