Pablo Gutierrez: "Azken fasean ez daude Espainiako zortzi talde onenak"

Baleike 2013ko mai. 14a, 08:37

Hustuta aurkitu ditugu Lubaki kiroldegiko harmailak. Langile batzuek propio egun hauetarako muntatutako eserlekuak jasotzen ari ziren. Pulpoko bulegoan aldiz Pablo Gutierrez entrenatzailea aurkitu dugu, bakarrik, partidetako bideoak ikusten. Oraindik atseden hartzeke eta ia ezin hitz eginik.

BIDEOA: Pulpo-Bartzelona

Hiru egun hauen zein balorazio egiten duzu?

Antolakuntza aldetik dena ongi atera da. Ez da inongo arazo edo ezustekorik izan eta beraz alde horretatik gustura gaude. Gure aldetik eta kirol mailan pena handia hartu dugu. Izugarrizko esperientzia izan da baina beti geratuko zaigu pena hori barruan.

Aurretik inoiz bizi izan da Zumaian Espainiako Txapelketako faserik?

Bai, behin. Orain dela 20 urte baino gehiago baina garai hartakoa bizi zutenek esan didate gaur egungo talde hau sendoagoa dela. Zerbait lortzeko aukera handiko taldea.

Esperotakoa gertatu da?

Egia esan bai. Calasancio eta Anaitasuna taldeen aurka espero genuen garaipena lortzea. Bagenekien hurrengo faserako txartela Bartzelonaren aurka jokatuko genuela eta, hala izan da. Borrokatu genuen eta ez ginen etsi. Uste dut hori ikusi zela eta polita izan zen aurretik ibili ginen denbora guztia. Beraien aurpegiek dena esaten zuten. Baina errealistak izan behar gara. Gure multzoan Bartzelonak jokatuko zuela esan zigutenean, bagenekien hurrengo fasera pasatzeko aukera oso gutxi izango genituela. Katalunia guztitik aukeratutako mutilak daude taldean, astean zortzi aldiz entrenatzen dituztenak… Horien aurka ia ezinezkoa da irabaztea.

Azken faserako 8 talde daude eta zuek kanpoan geratu zarete.

Bai, eta orain ikusi ditugunean zein zortzi pasa diren amorrua ematen du. Horietatik 4-5 talderi irabazteko aukerak izango genituzke. Ez dira gu baino hobeagoak, gainera beste mailetan elkar lehiatutakoak gara eta beti guk irabazi izan diegu. Talde batzuek erraztasunak izan dituzte beraien multzoetan, eta guk aldiz kontrakoa. Azken fasean ez daude Espainiako zortzi talde onenak. Bartzelonakoek ere aitortu ziguten hori. Eta horrek pena eta amorrua ematen digu. Pentsa, Euskadin hirugarren geratu zenak ia fasea gainditzea lortu du! Gutxigatik geratu da kanpoan. Gu multzo horretan izan bagina pasa egingo genuen.

Nola amaitu dute jokalariek?

Penarekin eta triste, egia esan. Esperantza zuten eta ezin izan da. Horrez gain, nekatuta bukatu dute. Hiru egunez partidak jokatzen ez daude ohituta eta igarri egin zaie. Baina guztiekin nago harro. Denek egin dute egin beharrekoa eta ezin zaie ezer gehiago eskatu.

Eta orain, zer?

Ostiralean Gipuzkoako kopako partida daukagu. Asteburu honetan jokatu beharrekoa ostiralera pasa dugu-eta. Ondoren asteburuan beste jardunaldi bat izango dugu eta hurrengo astean finala izango da. Espero dugu gu bertan egotea.

Horrekin denboraldia amaituko dugu. Gero, ekaina erdi aldean jokalari batzuk Euskadiko Selekzioarekin Espainiako Txapelketa jokatuko dute Zamoran. Horretaz gain pentsatzen ari gara beraiekin txapelketa txikiren bat jokatzea hemendik kanpo. Azkenean ilusioa egiten die etxetik atera eta beste lekuetan lehiatzea. Ikusiko dugu ea datak eta ongi etortzen zaizkigun guztioi.

Bukatzeko esker bereziak eman nahi dizkio talde guztiak asteburu guztian zehar kiroldegira animatzera agertu ziren zaleei, gurasoei egin duten lanagatik, zuzendaritzari, Baleikeko lantaldeari eta orokorrean festa handi honetan parte hartu duten guztiei. “Pena handia izan da baina betirako gordeko dugu gure oroitzapenean. Eskerrik asko!”.