Pulpoko kadeteek Espainiako txapelketako sektoreko fasea jokatuko dute asteburuan, Lubakin

Baleike 2013ko mai. 9a, 18:25

 

Bihar hasi eta igandera bitartean Espainiako Txapelketako fasea jokatuko da Lubaki kiroldegian eta bertan izango da Zarazpe Lakatuak Pulpo kadete taldea bere onena eman nahian.

Lubaki kiroldegian ez da animaziorik faltako hiru egun hauetan eta harmailak leporaino beteta egongo direla aurreikusten dute antolatzaileek. Zaletu kopuru handia inguratuko delakoan dira Pulpokoak eta harmaila gehigarriak jarriko dituzte pistan bertan. Giroa berotzeko barra bat ere izango da, kamiseten salmenta eta egunero hiru otar zozketatuko dira.

Kluba sektoreko fase honen antolakuntzan buru belarri murgildu da. Zumaiako gazteek barrenean duten guztia erakutsi beharko dute aurrean izango dituzten hiru aurkariak gainditzeko. Fase honetako lehenak bakarrik lortuko du zortzi onenen artean egotea hemendik 15 egunera jokatuko den txapelketan.

Gaurko partidan Logroñoko Cnet Calasancio taldearen aurka jokatuko dute Pulpokoek (18:00etan). Jarraian, 20:00etan, Iruñeako Anaitasuna eta F.C. Barcelonaren arteko partida jokatuko da. Larunbatean, 19:00etan, Barcelonaren aurka arituko dira, ziur aski, asteburu honetan izango dutena urkari gogorrena. Fasearen irabazlea norgehiagoka horretan erabakiko delakoan dira zumaiarrak. Aurretik, 17:00etan, Calasancio-Anaitasuna partida jokatuko da.

Igande goizean jokatuko da azken jardunaldia. 10:00etan Barcelona-Calasancio partida jokatuko da eta 12:00etan Pulpo-Anaitasuna partida.

Giro izugarria izango delakoan dira antolatzaileak. Pulpok dei egiten diete zaletuei zumaiar gazteak animatzera azaldu daitezen. Klubak gorri koloreko kamisetak jarriko ditu salgai. “Ea Lubakira etortzen diren zaletuekin marea gorri bat bizi dugun. Guztion artean lortuko dugu! Ahal izatea nahi izatea da!”.

Asteburuko partidak

Ostirala

18:00etan, Zarazpe Lakatuak Pulpo – Cnet Calasancio.

20:00etan, F.C. Barcelona – Anaitasuna.

Larunbata

17:00etan, Cnet Calasancio – Anaitasuna.

19:00etan, Zarazpe Lakatuak Pulpo – F.C. Barcelona.

Igandea

10:00etan, F.C. Barcelona – Cnet Calasancio.

12:00etan, Zarazpe Lakatuak Pulpo – Anaitasuna.