Viveros San Antongo txirrindulariak Gipuzkoako Klasikan izango dira bihar

Baleike 2013ko api. 26a, 13:51

Larunbatean, Donostiako Egia Auzoan, junior mailako Gipuzkoako klasika jokatuko da. Gipuzkoan jokatzen den egun bakarreko lasterketa nagusiena da udazkenean jokatuko den munduko txapelketaren atarikoarekin batera.

Klasika honetan Gipuzkoako taldeez gain, espainiarr estatuko lurralde ezberdinetako selekzioek parte hartuko dute. Lasterketa oso gogorra izango da, batetik luzera dago: 114km; bestetik bide gorabeheratsua dela: mendate luzerik ez dago, baina etengabe gora eta behera ibiliko dira txirrindulariak atsedenik gabe. Azkenik, espainiar estatuko onenak orpoz orpo lehiatuko dira.

Horien guztien artean izango da Viveros San Anton. Taldeak sei txirrindulariz osatutakoak izango dira eta Viveros San Antongo mailota Aitor Olaziregik, Ibon Egañak, Gorka Etxabek, Haritz Eizagirrek, Ander Manterolak eta Mikel Santxezek jantziko dute. Taldeko Jose Manuel Castillok Gipuzkoako beste talde batekin parte hartuko du klasika honetan.

Aurreko larunbatean Zegaman izan zuten, zinez karrera gogorra, non bi aldiz Lierni igo eta bukaeran Barbaris gainditu behar izan zuten. Aitor Olaziregik ez zuen zorterik izan: ihesaldi batean sartu eta harrapatu zutenean, ondoren sortu zen ihesaldian ezin izan zuen parte hartu eta horixe izan zen erabakigarria. Azkenean, Olaziregik 31. amaitu zuen. Nabarmendu ziklista askok ez zutela lasterketa bukatzea lortu eta Viveros San Anton taldetik Ibon Egañak, Gorka Etxabek, Haritz Eizagirrek eta Ander Manterolak Zegamako helmugara ailegatzea lortu zuten.

Kadeteetan, Eibarren izandako karreran taldeko inork ez zuen amaitzerik izan. Jon Agirre izan zen lasterketan gehien iraun zuen txirrindularia, nahiz eta osasunez ehuneko ehun ez izan. Asteburu honetan Deban dute lasterketa.

Donostiako Ibaeta auzoan jokatutako lasterketan alebin nesketan Naia Urbietak beste garaipen bat lortu zuen. Aurki izango diren eta etxean jokatuko diren gipuzkoako txapelketa horiei begira lanean jarraitzen du konfiantza askorekin.

Mutiletan, alebin mailan, Oier Unanuek 4. bukatu zuen, Mattin Etxanizek 7., eta Unai Sasiainek 8. Hirurak denboraldi bikaina burutzen ari dira, beste behin hamar lehenengoen artean sailkatuz. Baina, aipamen berezia ere merezi dute 12. sailkatutako Bertol Etxabek edo 13. sailkatu zen Mihai Ovidiuk. Gaizka Arrillaga 17.a izan zen, eta Oier Iribar, Michele Zanon, Paul Yeregi, Ekaitz Manterola, Aitor Larrañaga eta Arkaitz Agirrek ere lortu zuten lasterketa bukatzea.

Infantiletan, Gaizka Gurrutxaga 5. sailkatu zen, berriz ere erakutsiz hortxe onenen artean dabilela. Eider Manzisidor 2.a izan zen nesketan. Hauek bakarrik lortu zuen infantiletan karrera bukatzea. Larunbat honetan infantilek eta alebinek Irunen izango dute hitzordua.