Bost eguneko greba eta mobilizazioak egingo dituzte egoitzetako langileek

Baleike 2013ko api. 25a, 12:37

San Juan Egoitza, Otezuri eta Eguneko zentroko langileek bost eguneko greba eta mobilizazioak egingo dituzte astelehenetik aurrera.

Langileen esanetan, "Lan Erreformarekin, baldin eta hitzarmen berri bat ez bada sinatzen, gure soldata 400 euroan murriztuko dute eta 200 lanordu gehiago lan egin beharko ditugu, eta gainera aipatu erreforma aplikatuko digute".

Hitzarmen berri bat sinatzeko negoziazioak iragan urrian hasi ziren, eta langileen esanetan, ez da aurrerapausorik izan. "Otsailaren 6an, Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresa eta langileontzat garrantzitsua zen proposamena jarri zuen mahai gainean, gatazka larri honekin bukatzeko. ELA eta LABek proposamena onartu genuen, erreformak lapurtzen dizkigun lan baldintzak bermatzeko. Horretarako, Foru Aldundiak 8,2 milioi euro jartzen ditu enpresen eskura aipatu proposamena bideragarri izan dadin. Bain, patronalak ez du proposamena onartu nahi".

Hori dela eta, bost eguneko greba deitu dute langileek, apirilaren 29 eta 30erako, eta maiatzaren 1, 2 eta 3rako. "Ez da erabaki gustagarria honelako sektorean horrelako erabakiak hartzea. Baina edozein langilek ulertu dezake enpresak 5.000 euro kenduz gero horri aurre egiteko duen defentsa bakarra borroka dela".

Egun hauetan zerbitzu minimoak izango direla aipatzen dute. "Badakigu grebak zerbitzuaren kalitatean ondorioak izango dituela, eta horregatik aldez aurretik gure barkamena eskatzen dizuegu. Gogoratu, zerbitzu minimoak jarriko direla eta hauek bere osotasunean beteko ditugula".