Espainiako txapelketako lehen fasea Zumaian jokatuko dute Pulpoko kadeteek

Baleike 2013ko api. 25a, 09:46

Maiatzaren 10ean, 11ean eta 12an izango da lehia, eta Bartzelona talde handia izango dute a priori aurkari zuzen eta gogorrena.

Duela bi aste Euskadiko Txapelketa irabazi zuten, hain zuzen, Zumaian jolastu zen partidetan. Orduan erraz izan ziren txapeldun, eta horregatik, Espainiako Txapelketan parte hartzeko txartela lortu zuten.

Orain fase berri bati ekingo diote, eta Euskadiko Txapelketa bezala, formula bera izango dute lehiarako. Asteburu batean hiru partidako ligaxka bat izango dute eta sailkapeneko burua hurrengo fasera igaroko da. Hala, lau taldez osatutako zortzi multzo osatu dituzte. Pulpok Bartzelona, Errioxako Calasancio eta Nafarroako Anaitasuna izango ditu aurkari. Lehenak geratuko balira, Espainiako zortzi onenen artean izango lirateke, eta azken fasea jokatuko lukete txapelduna erabakitzeko.

Pablo Gutierrez entrenatzaileak aipatu duenez, “pozik gaude etxean jokatuko dugulako baina Bartzelona talde handia da eta zaila ikusten dugu hurrengo fasera pasatzea. Orain txapelketa prestatzea eta mutilei motibatzea besterik ez zaigu geratzen”. Ander Torriko jokalariak ere berdin pentsatzen du: “Desilusio pixka bat hartu dugu hasieran. Aurkari errazagoak tokatzea zen gure ametsa, horrela fase hau pasa eta zortzi lehenengoetan geratzeko. Bartzelonak talde izugarria du, eta Anaitasuna ere hor dago. Ez da erraza izango, baina orain ilusioz eta gogoz lan egingo dugu eta dena ematera aterako gara”.

Maiatzaren 10ean Calasancioren aurka jokatuko dute. Hurrengo egunean Bartzelona izango dute aurkari, eta azken egunean, Anaitasuna.