Hondakinen mahaiaren bilera egin zen atzo arratsaldean Udaletxean, eta aurrekoetan ez bezala, mahaian parte hartzen duten eragile guztien artean hurreratzea izan zen. Zero Zabor taldeak aurkeztutako proposamenaren inguruan izan zen gerturatze hori.
Zero Zaborren proposamena: edukiontziak txartel elektronikoarekin
“Egia da hurreratze bat izan dela eta bileraren amaieran denon jarrera positiboagoa zela. Baina, horrek ez du esan nahi aurre-akordio batera heldu garenik”, zioen Alkate Iñaki Agirrezabalagak. Atez atekoaren aurkako plataformako kideak ere itxaropentsu zeuden bilerak eman zituenarekin.
Lazkaon eta Itsasondon erabili da Zero Zaborrek proposatzen duen antzerako teknologia zenbait edukiontzitan, baina hemen planteatzen dena sistema integrala da eta hori ez da inguruko beste inongo herrietan ezarri. Udal gobernua dagoeneko harremanetan jarri da Dorlet enpresarekin alde teknikoaz dauden zalantzak zehazteko.
Hondakinen mahaian Udaleko alderdi politikoak (Bildu, Aralar, EAJ-PNV eta PSE-EE), Zumaiako Natur Taldea, Zero Zabor eta atez atekoaren aurkako plataforma daude ordezkatuta. Alkatearen esanetan, mahaiaren hurrengo bilera ziur aski datorren astean egingo da.
Hondakinen inguruko erreportaje zabala egin genuen apirileko Baleike aldizkarian. Ohiko saltokietan eros dezakezue euro batean.