EAJ-PNV: "Indarkeria eta bandalismo gertaerak izan dira festetan eta Udal Gobernuak hauen inguruko hausnarketa serio bat egin beharko luke"

Baleike 2013ko api. 19a, 08:52

EAJ-PNVren udal taldeak pasa berriak diren San Telmo jaien inguruko ohar hau bidali digu. Hemen duzue:

San Telmo jaiak igaro ondoren hauen balorazioa egiteko ordua da.

Lehenik eta behin eskerrak eman nahi genizkieke festetarako antolatu diren ekitaldi ezberdinak aurrera eramaten aritu diren guztiei eta mila esker, baita ere, modu alai eta baketsuan festetan parte hartu duzuen guztioi.

Orokorrean jai giro ederra nagusitu  bada ere, zoritxarrez indarkeria eta bandalismo gertaerak ere ugariak izan dira eta hauen aurrean gure gaitzespena eta kezka azaldu nahi dugu. Eta Udal gobernuari gertakari guzti hauen inguruko hausnarketa serio bat egitea eskatzen diogu.

Bestalde, agerian jarri nahi dugu baita ere izaera politikoa duten eta betiko soka berekoak diren, pintada eta kartelen presentzia ugaria. Fatxadak, kaleak, altzari publikoak eta ERAIKIN PUBLIKOAK!!! pankarta, pintada eta askorentzat iraingarri  den argazki batez josita egon dira Udal gobernuaren ageriko permisibitatearekin. Zenbat egun egon da “Thierry”-ren argazkia Alondegian zintzilikatuta, kendu gabe? Zergatik? Ez al dira ba kartelak astelehen eta ostegunero kentzen, alkate jauna? Edo batzuk bakarrik dira kentzen direnak? Batzuk “adierazpen askatasunean” oinarrituko dira hau justifikatzeko. Adierazpen askatasunak ordea, askatasun guztiak bezala, hurkoari sor zaion errespetuan du muga.

Herri honetan gertatutakoaren kontaketa ez dugula partekatuko garbi dago; bakoitzak bere esplikazioa izango du, baina ezin dugu onartu indarkeria zuritu edo justifikatzea, zuritzea bidezko egitea baita, eta giza eskubideen urraketa justifikaezina da: justifikaezina da tortura, egiten duenak eginda, eta justifikaezina da hiltzea, egiten duenak eginda.

Bukatzeko San Telmo eguneko ekitaldirik zaharrenean eta herrikoienean, San Telmo Eguneko prozesioan, alegia; lehenengo aldiz Udal gobernuko ordezkaririk ez izatea agerian utzi nahi dugu. Zergatik ez da Udal Gobernua “San Telmoren” figura honek hainbat zumaiarrentzat izan duen esanahia oroitzen eta irudikatzen duen eta ehunka urtez gordetzeko gai izan garen ekintza bakarrean eta herrikoienean parte hartzeko gai? Erlijioa eta eliza ipiniko dituzte aitzakiatzat; eta orduan, zergatik jarraitu “San Telmo”-ren izenean festak ospatzen?

Izan zirelako gara, …