Enpresa txiki eta ertainei diru laguntzak emango dizkie SPRIk

Baleike 2013ko api. 18a, 09:15

SPRIk 2013ko Txekea+Innova programaren deialdia egin du. Programa hori SPRIren dirulaguntza-programa bat da, EAEko enpresei eragin azkarreko neurriak bideratzeko dirulaguntzak emateko. 2013ko deialdia apirilaren 15ean jarri da indarrean eta eskaerak aurkezteko epea ekainaren 7an amaituko da.

Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen programa da, eragin eta inplementazio azkarreko berrikuntza eta lehiakortasunerako ekimenak burutzeko, enpresa bakoitzaren neurrira. Jarduera horiek SPRIk homologatutako zerbitzu espezializatuko hornitzaileen bidez egin behar dira.

Enpresa bakoitzak hiru zerbitzu eska ditzake, bere premien arabera:

- Txeke bateko zerbitzua: 2.000 euro (1.500 € SPRIk jartzen ditu + 500 € enpresak)

- Bi txekeko zerbitzua: 4.000 euro (3.000 € SPRIk jartzen ditu + 1000 € enpresak)

- Hiru txekeko zerbitzua: 6.000 euro (4.500 € SPRIk jartzen ditu + 1.500 € enpresak)

Diruz lagun daitezkeen jarduerak hiru dira:

1. Irtenbide aurreratuak: branding-a, industria jabetza, kooperazioa, lehiakortasuna zaintzea, negozio-eredu berriak…

2. Ekimenera bideratutako irtenbide praktikoak/hausnarketa: produktuen eta prozesuen berrikuntza, finantza-gaitasuna eta arriskuen azterketa.

3. Bezero-hornitzaile harremana: harremanen hobekuntza.

Dirulaguntzak eska ditzakete gutxienez 3 langile dituzten ETE industrialak, eraldaketakoak, ekoizpenekoak, produktu/prozesuekin eta aurrekoekin lotutako zerbitzu teknikokoak, informazioaren eta komunikazioen gizartearen eremukoak eta handizkako merkataritzakoak.

Urola Kostako Udal Elkartea programa honen bitartekaria da eta bere eginkizuna da enpresei aholkularitza eta laguntza ematea, eskabidea egiten laguntzea eta aurkeztu nahi diren proiektuen balorazioa egitea.

Txekea-Innova programari buruzko argibideak jaso edo eskaera egiteko Urola Kostako Udal Elkartearekin jarri beharko da harremanetan (943890808 / enpresa@urolakosta.org).