Pulpoko kadeteak Euskadiko txapeldun

Baleike 2013ko api. 16a, 09:59

Ligako partida guztiak irabazi ondoren, asteburuan beste mugarri bat jarri dute Pulpoko kadeteek: Euskadiko Txapelketa lortu dute, denboraldiko lau talde onenen arteko ligaxkan hiru partidak irabazita. Loiola Indautxu, Eibar eta Zarautz erraz hartu dituzte mendean, eta berriro erakutsi dute Pulpok aspaldian eman duen belaunaldi onena osatzen dutela. Espainiako Txapelketa dute hurrengo erronka, eta baliteke dagokien multzoko ligaxka Zumaian bertan jokatzea. [Argazki bilduma: Arnaitz Rubio Aprea]

Kadete mailan daude oraindik, baina dagoeneko badira urte batzuk herriko eskubaloizaleak begira dauzkatela. Txikitatik nabarmendu dira, talde polita osatu dute, erasoko jokoa gustatzen zaie, eta artistak dira baloiarekin. Orain arte, erronka guztiak erraz gainditu dituzte. Azkena, asteburuan, etxean bertan. Euskadiko lau talderik onenak bildu dira, ligaxka jokatu eta onena nor den erabakitzeko.

Eta ez da ezustekorik izan. Pulpo gehiago izan da, nabarmen gainera. Indautxuko Loiola izan zen lehen partidan hortzak estutuarazi zizkiona, baina azken emaitzak ederki adierazten du bien arteko aldea: 32-21. Bigarren partidan, Eibarrek ez zuen aukerarik izan. Pulpok hasieratik hautsi zuen partida eta akabo: 44-26. Eta igandean Zarautzen aurka, beste horrenbeste: 36-24.

Ikaragarria da talde honek aurkariarekiko erakusten duen nagusitasuna. Erasoko jokoan, batik bat. Pare bat koska gainetik daude. Berezko kalitatea duten jokalari batzuk daudelako, eta txikitatik oso ondo landu dutelako erasoko jokoa. Egia da Kauldi Odriozola nabarmentzen dela guztien gainetik. Oso noizean behin sortzen dira horrelako jokalariak. Defentsak hausteko erraztasun ikaragarria du; hiru pauso eman eta denak atzean. Goleatzaile petoa da, baina badaki jokoa banatzen, aurkariak erakartzen dituenean bakarrik dagoen laguna aurkitzen. Eta, gainera, liderra da. Eta ondo betetzen du lan hori ere. Kategoria txiki gelditu zaio, eta jubenilekin egin du ia denboraldi osoa. Baina horrek ez du eraginik izan taldearengan. Piezarik garrantzitsuena kenduta ere, Ligako partida guztiak irabazi dituzte. Horra hor taldearen meritua.

Zer hobetu ere badute, noski. Defentsako lanean, batik bat. Orain arte ez dute premiarik izan, golak erruz egiten dituztelako. Baina pixkanaka arlo hori ere landu beharko dute, erronka zailagoak etorriko baitira. Esate baterako, Espainiako Txapelketa. Euskadikoa irabazita, gainera, dagokion multzoko ligaxka etxean jokatzeko aukera izan dezake. Astebete barru jakingo da. Aukera bikaina belaunaldi eder honen jokoaz berriro gozatzeko.

Taldea osatzen dute: Xabi Aranzabal, Iñaki Agirrezabalaga, Eneko Tena, Koldo Errasti, Manu Centeno, Ander Torriko, Kauldi Odriozola, David Hernandez, Ander Olaizola, Mikel Martinez, Paulo Gontain, Iñigo Arakistain, Iñigo Garaizabal, Ander Eizagirre, Ignacio Amundarain, Gorka Iribar, Iñigo Alday eta Iker Lopez. Entrenatzaileak: Pablo Gutierrez eta Xabier Centen; ordezkariak, Andres Torriko eta Denis Elola.