Telmo Iruretaren film laburra gaur Tximistan

Baleike 2013ko api. 11a, 13:48

Osasunak kolpe handia eman zion bi urte zituela, eta ondorio fisiko larriak eragin. Gurpildun aulkian ibili beharrean da, baina mugak gainditzen ari da Telmo Irureta. Unibertsitatean bi karrera ikasi ditu, Antzerki Eskolan dabil orain, eta biigarren film laburra ere zuzendu du: Pisukideak. Elkarrekin bizi idren hiru nesken gorabeherak biltzen dituen umorezko telesaila da. Zazpigarren atalean bizilagunaren urtebetetzea ospatzea izango dute helburu. Barre algaren artean hasiera ona emango diote festari, baina ezusteko batek hankaz gora jarriko du guztia. Telmo Iruretaz gain, Aitziber Garmendia, Arantza Uria, Elena Irureta, Irene Gutierrez eta Esther Uriak egin dituzte aktore lanak. Gaur aurkeztuko du Tximista tabernan, 19:00etan. Hemen daukazue aurreko Baleike aldizkarian Telmori egindako erreportajea.“Ni beti izan naiz horrelakoa”, dio Telmo Iruretak (Zumaia, 1989). Baina beti ez zen horrelakoa izan. 1991n aldatu zitzaion bizitza, bizitza osorako aldatu ere. Enzefalitia izan zuen, eta garuneko paralisia eragin zion. Ondorio fisiko larriak utzi zizkion erialdiak, eta, harrezkero, gurpildun aulkian bizi da. Baina ez dago geldirik. Beti aritu izan da zerbaitetan, eta orain ere badabil.

Unibertsitatean, bi karrera burutu zituen: Ingeles Magisteritza, lehendabizi, eta Pedagogia gero. “Oso gustura aritu nintzen Magisteritzan, giro ederra genuen ikasgelan, eta ondo pasatu nuen. Pedagogian ez nintzen hain pozik ibili; oso serioa izan zen dena”. Alaia baita izaeraz Irureta, eta alaitasuna gustatzen zaio inguruan: berak sortzen du giro hori edota ingurukoek, bestela. Ikasketen munduan bi mugarri horiek jarri eta gero, beste erronka batzuei heltzea erabaki zuen, eta bere izaera bizi horrekin bat datorren zerbaiti heldu zion: “Antzerki Eskolan hasi naiz ikasturte honetan, aktore ofizioa ikasten. Oso gustura nabil. Hamabi ikasle gara, eta pozik ari naiz”.

Ez da bere hautua zerutik eroritako zerbait izan: “Beti izan dut imajinazio handia, eta gustura nabil mundu honetan”, kontatu du. Ez zaio arrotza mundu hori. Familian bizi duelako, “izeko Elenaren [Elena Irureta aktorearen] bidez”, eta hain zuzen, izeko Elenaren bitartez hasi da mundu horretan sartzen. Zuzendari lanetan ibili da berriki, eta ez du lehen aldia, gainera. Film labur bat egina dauka: Lepoaiño du izena, Irene Gutierrez protagonista lanean dela, eta bigarrena oraintxe ari da editatzen, grabazio lanak bukatu berritan. “Izeko Elenak eta biok pentsatu genuen behin gure txorakeriak grabatzen hasi behar genuela, eta bideo kamera bat erosi genuen. Antzeztea gustatzen zait, txikitatik egin izan dut pailazoarena. Jolasa bezala hasi zen”. Jolas horren baitan sortu zen Lepoaiño, baita produktora txiki bat ere, alegiazkoa: “Acenario Productions du izena. Gure aitonaren pasadizo batean oinarrituta ipini genion izena”.

Lehen film laburra Zumaian bertan aurkeztu zuten, baina ez zuen bide luzea egiterik izan: “Musika ez zen gurea, eta ez ginen ausartu filma asko zabaltzen, musikaren egile eskubideen kontuagatik”. Bigarren filmean, ordea, musika beraiena da, eta alde horretatik, ez dute oztoporik izango bidea egiteko.

Filmaren argumentua

Bigarren film laburrak ez dauka zerikusirik aurrekoarekin. Hala esan du Irureta zuzendariak: “Telesail bateko kapitulu bat balitz bezalakoa da. 7. atala da, gehiago baleude bezala; horrela egitea orijinala iruditu zitzaidan. Telesailaren izena Pisukideak da, eta 7. kapitulu horri Zorionak zuri izena ipini diogu”. Izenaren kontuak kontatzen hastearekin bat, barreari eman dio: “Komedia bat da”. Argumentua kontatzen hasi da gero: “Pisu batean hiru lagun bizi dira, eta bizilagunak 69 urte betetzen dituen egunean, merendola antolatzen diote. Baina festaren baitan, arazo handi bat sortzen zaie. Hil egiten dute bizilaguna gozo eltzearekin, nahigabe”. Hor amaitu du kontakizuna, “dena ez dizuet kontatuko”, esanez.

Zuzendu dituen aktoreak hauek izan dira: “Hiru pisukideak Aitziber Garmendia, Esther Uria eta Arantza Uria dira, eta bizilaguna izeko Elena. Oso dotore azaltzen da, peluka batekin, atso zaharrarena eginez”, azaldu du, irribarrea ezpainetan marraztuz berriz. Izan ere, ondo gogoan dauzka aktoreak: “Lan ederra egin dute, musu truk gainera, eta esker ona adierazi nahi diet. Zorte oneko izan naiz aktore hauekin lanean aritzeagatik”. Bi egunean burutu zuten grabazioa, “gure etxean”. Asko nekatu zela onartu du: “Tentsio handia izan nuen, buruan daukazuna nola aterako den ez baitakizu”. Gero lasaitu zen, muntatu zuenean: “Orduan hartu nuen lasaitua, ia dena eginda neukanean. Negar egiteko gogoa eta dena izan nuen, eta orduan konturatu nintzen zer itota ibili nintzen grabazioan”.

Hamasei bat minutu iraungo du film laburrak, eta Zumaian bertan estreinatuko dute: “Tximista tabernan izango da. Leku egokia da, pantailak eta dituelako. Ez da izango zerbait handia, lagunak eta familiakoak etorriko dira, baina berezia izango da egun hori”.

Egun horretan gogoratuko da zenbateko lana egin behar izan duen filma jendearen aurrean estreinatu aurretik. Grabazioarena aipatu du, eta editatzeko lanaren berri ere eman du. Aurretik, beste lan batzuk egin behar izan zituen: “Gidoia idatzi nuen lehendabizi. Gero etorri zen une gogorretako bat, idatzitako horretatik zerbait kendu egin behar izaten delako. Ez dakizu nondik hasi, eta izeko Elenak lagundu zidan”. Gidoia prest izan eta gero, grabaziorako eguna adostu beharra zegoen, eta “kosta zitzaigun”, azaldu du. Ezin aktore guztiak egun berean elkartu, beraien lanak tarteko. Azkenean, behintzat, elkartu ziren, eta grabatu zuten.

Musikak ere bere lekua du, jakina. Lehen esan duen bezala, “gurea izan da oraingoan. Lehengusu txiki batek musika sortzen zuela jakin nuen, eta berak egin du lana. Gero, letrak jarri nizkion, eta Ane Gabarain aktoreari eskatu nion kantatzeko. Bi eta bat telesailean ere berak abesten du, eta baiezkoa esan zidan”.

Hurrengo proiektua

Bat aurkeztu baino lehen, beste proiektu bat sortu zaio buruan. Ez da mamitu oraindik, baina zer gustatuko litzaiokeen azaldu du: “Konfiantza eman dit aurrera segitzeko film labur hau egiteak, polita izan da, eta badut ideia bat buruan hurrengo lanerako”. Bere buruaren berri eman nahi du, baina ez da erabat autobiografikoa izango, ez du bere bizitza kontatuko: “Nire egoera fisikoaren berri eman nahi dut. Lagun batekin daukat proiektua gauzatzeko asmoa. Jendeak beti ikusten nau pertsona alai bezala, halakoa naizelako, baina nik ere pasatzen ditut momentu txarrak, eta horien berri eman nahi diot jendeari. Nahi dut jendeak gure egoera ezagutzea, gure lekuan jartzea, bost minutuz bada ere”. Bere asmoa ez da “biktimarena egitea, baina pena eman nahi dut”.

Horixe du buruan, eta “ea zer ateratzen den”. Gero gerokoak: “Mundu hau gustatzen zait, aktoreena eta zuzendariena, eta ez dakit gero zer izango den. Zaila da mundu honetan lekua egitea, baina nire gauzak egiteko moduan izango naiz, eta polita da norbere gauzak egitea”. Betiere, asmo honekin ariko da, hala aitortu baitu: “Jendeari beti erakutsi nahi izan diot gu ere, gure egoeran, gai garela gauzak egiteko. Beti nabil horrela. Kanpokoek ez dute espero guk halako zerbait egitea”. Baina egin du, eta egingo dituenak... Ez baitago geldirik egoteko Telmo Irureta.