Erreportajea: Hondakinak mahai gainean

Baleike 2013ko api. 3a, 11:25

Eztabaida politikoaren erdigunean kokatu da hondakinen kudeaketa azken urtebetean, eta kalera ere iritsi dira bi ereduren arteko talkaren ondorioak. Eztabaida bideratu eta adostasuna errazteko, hondakinen mahaia osatu dute alderdi politikoek eta zenbait gizarte eragilek. Mahai gainean jarri diren proposamenak, adostasunerako aukerak eta zailtasunak lehen eskutik ezagutu nahi izan ditu Baleikek. Ostiralean banatuko dugu aldizkaria. Hemen daukazue erreportajea, aurreratuta.

Elkarrizketa osagarriak:

Iñaki Agirrezabalaga (Udal Gobernua)

Montse Arana (EAJ)
Aitor Leiza (Aralar)

Emiliano Cabañas (PSE)

Mendigaña Gorostiaga (Zero Zabor)

Josu Uranga (Natur Taldea)

Plataformaren oharra

Gai konplexua da hondakinen kudeaketaren inguruan Gipuzkoan sortu den eztabaida. Hari asko ditu, eta hari bakoitzak hamaika korapilo. Galdera guztiei erantzuna aurkitzea helburu handiegia litzateke lerro hauetan abiatzen den erreportajerako. Horregatik, irakurleei argi pixka bat eman nahian, Zumaian azken hilabeteotan martxan den hondakinen mahaian jarri dugu begi puntua, eztabaida betean dauden eragile politiko eta sozialak mahai horren bueltan eseri direlako, adostasuna helburu.

Mahaian daude Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoak: Bildu, Aralar, EAJ eta PSE; eta, haiekin batera, hondakinen gaiarekiko kezka berezia agertu duten gizarteko hiru talde: Plataforma, Natur Taldea eta Zero Zabor. Baleikek eragile guztiak aurrez aurre elkarrizketatzeko aukera izan du, Plataformaren salbuespenarekin. Azken prentsaurrekoan esandakoa baino gehiago ez dutela esateko arrazoitu dute ordezkariek: “Ez dugu aukerarik izan berriro bildu eta mahai gainean dauden gaiak aztertzeko”. Prentsaurreko hartan plazaratutako proposamenak eta iritziak hartu ditugu aintzat erreportajea osatzeko, zenbait galderen aurrean erantzunak falta direla jakitun garen arren. Bestalde, kontuan hartu erreportajean zehar agertzen diren aipuak ez direla elkarren segidako erantzunak, banaka egindako elkarrizketetatik kazetariak aukeratutako zatiak baizik.

Mahaiaren ibilbidea

2012ko azaroan bildu zen lehen aldiz hondakinen mahaia. Orduz geroztik bost bilera egin dituzte, martxoaren 19an azkena. Mahaian parte hartu duten kide guztiek adierazi dute itxaropentsu ekin ziotela, adostasunerako aukera egon zitekeela sinetsita; baina, bileraz bilera itxaropen hori apaldu egin omen zaie, “besteek” ez dutelako erdibidea bilatzeko borondaterik. Bitxia da baina, ezkortasun horren aurrean, mahaiko parte-hartzaileak banan-banan elkarrizketatu ondoren, mahaiak eman duena ikuspegi ezberdinetatik ezagutzeko aukera izan eta gero, oraindik adostasunerako heldulekurik badagoela ondoriozta daiteke.

Gaika sailkatzea eskubidea da edo betebeherra?

Arazo honen sakoneko galderetako bat da ahalik eta gehien birziklatzea eskubidea edo betebeherra ote den. Ulertzen da, eta hor ados daude denak, ahalik eta gehien birziklatzeko ezinbestekoa dela hondakinak gaika sailkatzea. Europak garbi du irizpidea: “Birziklagarria den guztia birziklatu egin behar da”. Beraz, eskubidea edo betebeherra? Norberaren aukerakoa edo derrigorrezkoa?

Bilduk, Aralarrek, Natur Taldeak eta Zero Zaborrek, atez ateko sistema defenditzen duten momentutik, ez dago zalantzarik galdera horren aurrean: derrigorrezkoa izan behar du eta kontrola ezinbestekoa da betearazteko. Baina, zer iritzi dute bosgarren edukiontziaren bultzatzaileek?

Montse Arana (EAJ): “Betebeherra izan behar du.Jendea gaika sailkatzera behartu behar dugu, semaforo gorri baten aurrean gelditzera behartzen dugun bezala. Nola betearazten den, hor dago proposamenen arteko aldea”. [pullquote]Betebeherra izan behar du.Jendea gaika sailkatzera behartu behar dugu, semaforo gorri baten aurrean gelditzera behartzen dugun bezala[/pullquote]

Emiliano Cabañas (PSE): “Herritarrak hondakinak gaika sailkatzeko betebeherra du, kontua da hori nola gauzatzen den. Inposaketa hutsa ez da bidea. Hori lor daiteke kontzientziazioaren bidetik. Ez direla emaitza berberak lortzen? Agian hala izango da, denbora gehiago beharko da, baina azpiegiturak oraindik egiteko daude eta badago tartea bide hori egiteko. Kontzientzietan ere eragin daiteke, kontrolarekin lagunduta”.

Beraz, EAJ eta PSEk adierazten dute hondakinak gaika sailkatzea herritarraren betebeherra dela, eta betearazteko nolabaiteko kontrol sistemak jarri behar direla. Plataformaren iritzi zuzenik ez daukagu. Publiko egin dituen agirietan, “borondatezkoa den bilketa” nahi dutela esaten dute; baina, aldi berean, “hondakinak sailkatuta biltzea beharrezkoa” dela diote sinadura agirian.

Oinarrian, itxuraz, adostasun zabala dago: hondakinak gaika sailkatzea betebeharra da. Noski, ñabarduretan dator eztabaida.

Nola betearazi?

Aurreko erantzunetan eztabaidaren muina aurreratu dute Montse Aranak eta Emiliano Cabañasek: “Kontua da hori nola gauzatzen den”. Kontzientziazioaren bidea azpimarratzen dute biek, baita Plataformak ere. Baina bada nobedaderik EAJren partetik: ordenantza baten beharra.

Bosgarren edukiontziaren aldeko apustuan, EAJk bost ekimen proposatzen ditu. Laburbilduta: edukiontzien kokapena aztertzea, hutsuneak eta akatsak detektatzeko; edukiontzietan irudi bidez adieraztea bakoitzean zer bota daitekeen; elkarte gastronomiko, ostalari, denda, eta bestelako sektoreren premiak ondo aztertzea irtenbidea emateko; ikastetxeekin eta beste zenbait kolektiborekin jarrera egokiak sustatzeko kanpainak egitea; eta azkenik, ordenantza osatzeko konpromisoa. Eta horrela dio: “Beste eremutan ezartzen den bezala, honetan ere neurri zuzentzaileak edo beharrezkoa balitz zigortzaileak jendeak benetan hondakinak gaika biltzeko”. EAJk helburu batzuk ere planteatzen ditu: 2016an %60ko tasa lortzea eta 2020an %75ekoa.

Iñaki Agirrezabalaga (Bildu): “EAJk kontrolerako moduren bat behar zela aipatu zuenean aurrerapauso handitzat hartu genuen, adostasunerako aukera ikusi genuelako. Galdetu genien kontrol lan hori nola egitea proposatzen duten, ea udaltzainen bidez egoki ikusten ote duten… Aukera modura, ez zuten baztertzen. Hor dator gure harridura. Atez atekoaren kontrako argudio nagusietako bat izan da intimitatea urratzen duen sistema dela. Hori saldu zaio jendeari. Eta gero prest daude udaltzainak poltsak kontrolatzen hasteko? Atez atekoa baino gogorragoa iruditzen zaigu”.

Aitor Leiza (Aralar): “Ordenantza aipatzen dute bosgarren edukiontziaren alde daudenek, baina gero ez da garatzen. Nola egin behar da polizia lan hori? EAJk ez du zehazten nola egin behar den. Are gehiago, ordenantzarena eta isunak jartzearen aukerarena ez du inoiz publiko egin.Herritarrek jakingo balute EAJ ere kontrol neurrien alde dagoela, zer pentsatuko lukete?”. [pullquote]Herritarrek jakingo balute EAJ ere kontrol neurrien alde dagoela, zer pentsatuko lukete?[/pullquote]

EAJk eta PSEk ez dute zehaztu kontrol lan hori nola egin beharko litzatekeen, “udaltzainena aztertu beharreko aukera bat da, bide posible bat”, eta betiere azken neurritzat jotzen dute. “Aurretik kontzientziazio lan handia dago egiteko”.

Proposamenak

Mahaia abiatu zen, hain zuzen ere, bi eredu zeudelako aurrez aurre. Alde batetik, EAJk, PSEk eta Plataformak aldarrikatzen dute bosgarren edukiontziaren garapenak emaitza hobeak eman ditzakeela etekin guztia ateratzen bazaio. Beste aldetik, Udal Gobernuak, Natur Taldeak eta Zero Zaborrek garbi dute bosgarren edukiontziak ez duela askoz gehiagorako ematen, ez dela errauskailua saihesteko nahikoa, eta %80ko tasak eman ditzakeen atez ateko sistemaren alde daude. Baina beste proposamen batzuk ere jarri dira mahai gainean.

Sistema mistoa

Mahaira adostasunerako proposamen bat idatziz eramaten lehena Udal Gobernua izan zen. Atez atekoaren eta edukiontzien arteko sistema mistoa: edukiontzi batzuk mantendu (beira, papera, arropa, olioa…) eta gainontzekoa (organikoa, errefusa eta ontzi arinak) atez ateko sistemaren bidez.

Iñaki Agirrezabalaga (Bildu): “Usurbilgo atez ateko sistema bere horretan proposatu beharrean, beste aldera hurbiltzeko borondatearekin zerbait mistoa landu genuen. Gainera, arazo estetikoak ere konpontzeko modua aurkitu dugula uste dugu (poltsak zintzilikatu beharrean, ontziak erabiliz). Erakutsi nahi genuen guretzat garrantzitsuena helburua lortzea dela, alegia, hondakinen %80 inguru gaika sailkatzea; ez gaude sistema jakin batekin tematuta. Baina erantzuna berehala jaso genuen: ezezko borobila”.

EAJk, PSEk eta Plataformak ez zuten proposamena onartu, erdizka bada ere, “atez ateko sistema delako. Sistema zikina eta deserosoa da, garestia, eta datuak ez dira egiazkoak: zaborra aldameneko herrietara eramaten dute herritar askok”. Horra hor negoziazio saio hauetako lehen marra gorria: zintzilikarioren bat duen edozein sistema ez da onartuko hiru eragile horien partetik.

Bosgarren edukiontzia, epe mugarekin

Bosgarren edukiontzia izan da EAJk, PSEk eta Plataformak defenditu duten aukera. EAJk, beste neurri batzuen artean lehen aipatutako ordenantzaren premia jarri zuen mahai gainean ekarpen modura. Plataformak ere egin zuen bere proposamena: “Bosgarren edukiontziaren bitartez egindako bilketa, herritarrentzat borondatezkoa, txartel edo giltza bidez egindakoa, eta esekitokirik gabekoa”. Eta zenbait neurri proposatzen dituzte: besteak beste, jarraipen sistema bat ezartzea, helburuak zehaztu eta ekintzak planifikatu eta aurrera eramango dituena (komunikazio plana, kontzientziazio plana…); hainbat eragilerekin neurriak proposatuko dituen lan taldea osatzea; edukiontzietara erabateko irisgarritasuna lortu (kokapen egokiena aztertu, kopurua handitu beharrezko bada…); hondakin ekoizle berezientzat berariazko ekintzak proposatu: ikastetxeetako jangelak, elkarte gastronomikoak, ostalaritza, saltokiak, industria…

Baina Plataformaren proposamenak badu berrikuntza aipagarririk: probarako bi urteko epe muga eskatzen dute %55eko tasa lortzeko. Helburua lortzen bada, edukiontzien sistema behin betirako ezartzea eskatzen dute. Ez dute argitzen, ordea, zer konpromiso hartzen duten helburua betetzen ez bada. “Hitz egingo genuke” izan da orain arte emandako erantzun bakarra. EAJ eta PSE epe mugaren proposamenarekin ados daude. Zero Zaborri ez zaio bide egokia iruditzen, baina adostasuna balego ez luke oztopatuko. Udal Gobernua eta Natur Taldeak zalantzak dituzte, baina ez dituzte ateak erabat itxi:

Josu Uranga (Natur Taldea): “Guk hausnarketa bat egin genuen gure bilera batean: zer litzateke hobea, gaur egun dagoen kontrako jarrerarekin atez atekoa jartzea; edo denon artean akordio bat egin eta denbora batean proba egin bosgarren edukiontziarekin? Baina bide horrek konpromiso bat behar zuen, mahaian gauden alde guztiona. Ez baita horren erraza. Plataformak uste du sortu duten zalapartarekin ontzi mordoa banatu direlako gai direla edozer gauza lortzeko. Helburua eta epeak jartzeko proposatu genien, eta oso ondo baloratu zuten hori. Orain denboraren eztabaida dago mahai gainean: Plataformak bi urte proposatu ditu, EAJk 2016az eta 2020az hitz egiten du… Denbora gehiegi da. Alkateak sei hilabeteko epea proposatu die. Baina horrekin batera, konpromisoa falta da. Epe hori amaitzen denean helburua ez bada bete, orduan zer? Hor ez dira bustitzen ”. [pullquote]konpromisoa falta da. Epe hori amaitzen denean helburua ez bada bete, orduan zer? Hor ez dira bustitzen[/pullquote]

Emiliano Cabañas (PSE): “%55a lortzen bada, logikoa da sistema mantentzea. Aldundiak proposatu du 2016rako %60ra iristea; hemen epe laburragoan %55era iristen bagara, sistema mantendu egin beharko litzateke. Horrek erakutsiko luke edukiontzien sistemak balio duela emaitza hobeak lortzeko eta ez duela zentzurik inbertsio handia eskatzen duen sistema berri bat ezartzeak. Ez bada helburua lortzen, Udala libre izango litzateke beste sistema bat ezartzeko. Baina hor akordio bat lortzea ez da erraza. Plataformak 4.000 sinadura ditu eta aukera izango luke Udalaren aurrean hartu beharreko erabakiak hartzeko”.

Montse Arana (EAJ): “Gu epemugaren planteamenduarekin ados gaude. Alkateak orain sei hilabeteko epea jarri du mahai gainean. Proposamena aztertu egin behar dugu, baina aurrez lanketarik ez bada egiten ez dugu uste sei hilabetean kopuru horiek lor daitezkeenik. Azken hamar urteotako bilakaera ikusi behar da eta egun batetik bestera ez gara iritsiko %80ra”.

-Eta adostutako epean ez bada helburua betetzen?

Montse Arana (EAJ): “Orduan beste sistema bat jarri beharko da”.

Iñaki Agirrezabalaga: “Nik egin dezakedan azken ahalegina da beraien planteamenduan sartu, eta esaten diet: sei hilabetean %55era iristea. Hau da, beraien ehunekoak eta denborak negoziatzen hasi. Hori bai, gure helburuari uko egin gabe: %80ko tasak lortu behar dira ez oso epe luzera. Baina hor ere zailtasunak jartzen dituzte”.

Agertu da bigarren marra gorria, kasu honetan, Udal Gobernuaren partetik: hondakinen %80 inguru bildu behar da sailkatuta. Zergatik %80?

Iñaki Agirrezabalaga: “Gipuzkoarako %60ko tasa lortu behar bada errauskailua saihesteko, herri batzuk %80 inguruko tasak lortu beharko ditugu, beste batzuk atzerago geldituko direlako. Baina, batez ere, egingarria delako, eta ahalik eta gehien birziklatzea ahalbidetzen duen sistemaren alde gaudelako”.

Edukiontziak txartel elektronikoarekin

Hondakinen mahaian norbaitek egin badu ahalegin berritzailea adostasuna bilatze aldera, hori Zero Zabor taldea izan da. Mahaiko gainontzeko kideek ere aitortuko dute. Atez ateko sistema defenditzen duten arren, bi aldeek jarritako marra gorriak aintzat hartuta, denak eroso sentiarazi ditzakeen sistema bat proposatu du: edukiontzi adimendunak.

Mendigaña Gorostiaga (Zero Zabor): “Ikusten genituen marra gorriak eta adostasun batzuk. Marra gorriak, alde batetik, zintzilikarioak eta ordutegiak dira; besteonak ziren, batez ere, bilketaren tasa: %80 edo gehiago. Gure iritziz, hondakinen arazoari konponbidea emateko gaikako bilketa egin behar da, eta denok egin behar dugu. Zentzu horretan, adostasuna bazegoen kontrolaren beharraren gainean; EAJk ere onartzen du hondakinen bilketa kontrolatua izan behar duela. Hori guztia hartuta, saiatu ginen bilketa sistema bat proposatzen, guztion onarpena ekarriko lukeena: zintzilikariorik gabea, ordutegirik gabea; baina, era berean, derrigortasuna eta kontrola emango dizkiguna. Ibili ginen hamaika kontu ikusten eta edukiontzi elektronikoetara iritsi ginen. Hau proposatu genuenean ezustekoa izan zen mahaian zeudenentzat, baina Udal Gobernuarentzat, bai Plataformarentzat, EAJrentzat, PSErentzat… Bilera hartatik ilusio puntu batekin atera ginen”. [pullquote]Ibili ginen hamaika kontu ikusten eta edukiontzi elektronikoetara iritsi ginen. Hau proposatu genuenean ezustekoa izan zen mahaian zeudenentzat[/pullquote]

Sistemaren oinarria hau da: Alde batetik, irekitze sistema pertsonalizatua daukaten edukiontziak. Erabiltzaile bakoitzak txartel elektroniko pertsonalizatua dauka, eta edukiontzia zabaltzen duenean erregistratuta gelditzen da nork zabaldu duen eta zer ordutan. Gainera, sistemak aukera ematen du irekitzeko baimena kontrolatzeko: nork ireki dezakeen, zein egunetan, zein ordutan… Beraz, joko handia ematen du kontrol neurriak ezartzeko.

Bestetik, erabiltzaile bakoitzak kode-barra pertsonalizatua daukaten poltsak erabiliko ditu, arazoren bat egonez gero, hondakinak gaizki sailkatuz gero, erabiltzailea identifikatu ahal izateko. Poltsa horiek eskuratzeko makinak jarriko lirateke (txartelaren bitartez eskuratzeko moduan).

Oinarrian, kontrolerako aukera ematen duten edukiontziak dira. Erabaki beharko litzateke edukiontzi guztiek behar ote duten horrelako sistema, eta sistemaren kostua ere aztertzeko dago. Gaur egun, inon ez dago sistema hau bere osotasunean jarrita, baina Lazkaon eta Itsasondon erabili da teknologia hau edukiontzi jakin batzuetarako. Zero Zaborrek planteatzen duena da sistema osoa oinarritzea teknologia horretan.

Beste taldeen partetik jasotako lehen erreakzio positiboaren ondoren, erantzuna bestelakoa izan zen hurrengo bileran.

Mendigaña Gorostiaga (Zero Zabor): “Gure ustez denen espektatibak betetzen ditu. Gero findu egin behar da, aztertu, ekarpenak egin daitezke… Baina hurrengo bileraren hasieran EAJk ezezkoa eman zuen, eta hor jada ez nuen ezer ulertzen. Zaharrentzat txartelen bidezko sistema konplikatua dela esan zuten. Nik horri ez diot ez hankarik ez bururik ikusten. Organikora giltzarekin joatea bezain konplikatua da. Hori da mahai horretan aurkitu dugun eztabaida maila. Txartelaren erabilera oztopo gaindiezina al da adostasun batera iristeko?”.

Montse Arana (EAJ): “Edukiontzi txartelduna edadeko pertsonentzat zaila izan daiteke erabiltzeko. Baina gure arrazoi nagusia da gaur egun eginda dagoen inbertsioa aprobetxatu egin behar dela, etekina atera behar zaiola”.

Mendigaña Gorostiaga (Zero Zabor): “Egia da honek inbertsioa eskatuko lukeela, baina amortizatzen den neurrian onurak dauzka, zenbat eta gehiago bildu gaika diru sarrerak handitzen direlako eta errefusaren gastuak jaitsi. Eta martxan jartzerakoan aukerak ematen dizkizu, adibidez, sortutako hondakin kopuruaren arabera ordaintzeko modua jar daiteke. Gauza onak dauzka”.

Proposamenekin amaitzeko, Udalak beste sistema bat ere jarri zuen mahai gainean: bilketa neumatikoa. Enpresa bati Zumaiarentzat propio eskatutako proposamena zen, baina mahaiko alde guztiek baztertu zuten, sei milioi euroko kostua zuelako. “Herri guztia zulatu behar zen. Sistemak zaborra xurgatu egiten du eta gune zentral bateraino garraiatu, gero han hondakinak sailkatzeko. Baina garestiegia zen, eta gainera zalantzak sortu zizkigun eraginkortasunaren inguruan”.

Hurrengo bilerari begira

Santelmoen ondoren seigarren bilera egitekotan gelditu dira alde guztiak. Akordiorako itxaropen handirik ez dute, baina oraindik badaude erantzun beharreko galdera batzuk. Edukiontzi txarteldunen proposamenaren aurrean Plataformak zer jarrera hartzen duen ikusteke dago; bestalde, epemuga eta helburu jakin batzuk adostu eta konpromisoak hartzeko aukera oraindik mahai gainean dago.

Emiliano Cabañas: “Egoera nola dagoen ikusita, irtenbidea izan daiteke Udalak eta Plataformak onartzea probarako epe bat, helburu jakin batzuk ezarrita, eta ahalegin betea egitea sistema horren alde, sentsibilizazio kanpainekin, sistema hobetuz… Ez legoke ez irabazle ez galtzailerik. Plataformak epe bat dauka erakusteko gogoarekin eta borondatearekin edukiontziekin lor daitekeela emaitza ona; eta Udalak, bestalde, behin epe hori amaituta eta emaitzak baloratuta, eskuak libre izango lituzke bere erabakiak hartzeko”. [pullquote]Egoera nola dagoen ikusita, irtenbidea izan daiteke Udalak eta Plataformak onartzea probarako epe bat[/pullquote]

Aitor Leiza: “Erdibidea norbaitek jarri badu mahai gainean Zero Zabor izan da. Beraiek atez atekoaren alde daude, eta neuk ere uste dut gaur egun dagoen sistemarik onena dela, baina ikusten dute irtenbide bat aurkitzeko erdira joan behar dugula denok. Gutxienez azterketa bat merezi du. Eta benetako inmobilismoa PNV, PSE eta Plataformaren partetik ikusten dut. Bosgarren edukiontzia eta kitto. Ez dute ezer eskaintzen. Moratoria eskatzen dute, baina ez dute esaten epe hori pasata ez badu funtzionatzen denok egingo dugula atez atekoaren alde, edo Zero Zaborren proposamenaren alde. Inork ez du esaten hori”.

Josu Uranga: “Atez atekoa jartzea horrelako kontrako jarrerarekin agian ez da onena. Egon daitezke 500 pertsona boikoteatzeko prest. Hori baino hobeto litzateke beste sistema bat adostutakoa. Zero Zaborrena onartuko balute, seguru hobeto joango litzatekeela atez atekoarekin baino gaur egun dagoen zalapartarekin. Baina baita gaur egungo sistemarekin ere. Baina konpromiso eta epe garbiekin, denok erabat konprometituta sistemari zuku guztia ateratzen. Denon artean, ez diezaiola gero inork inori leporatu ez duela ezer egiten. Konpromiso batekin. Plataformak bere indarra badauka, baina alkateak ere bai. 4.000 mila sinadurak jartzen dira mahai gainean behin eta berriro, eta gutxietsi egiten da udal gobernuaren legitimitatea”.

Iñaki Agirrezabalaga: “Hemen sakonean bi ikuspuntu daude. Batetik, pentsatzen dutenak hau borondatezko kontu bat dela, norberak erabaki dezakeena. Eta bestetik, arazoa modu kolektiboan ikusten dugunok; horrek eskatzen dituen neurriak ezin dira gelditu norberaren borondatearen menpe. Giltza hor dago: norberak erabaki dezake zer egin; edo, denon hobebeharrez, denok hartu behar dugu parte soluzioan. Hori da dagoen guztia . Bilera hauetan, orain arte, frontoi baten kontra aritu gara, seigarren bilera falta da, eta ea zer ematen duen. Akordio bat lortzen bada, oso ondo. Baina guk oso garbi daukagu denon hobe beharra zaindu behar dugula. Ez gara bilerak alferrik luzatzen ibiliko. Horretan denok ados gaude. Azkenean guri dagokigu erabakiak hartzea eta garbi esango dut, beldurrik ez daukagu, bere ondorio guztiekin”. [pullquote]Giltza hor dago: norberak erabaki dezake zer egin; edo, denon hobebeharrez, denok hartu behar dugu parte soluzioan. Hori da dagoen guztia[/pullquote]