Denboraldiko hirugarren lasterketa jokatu zuten aurreko asteburuan Zumaiako Txirrindulari Elkartea-Viveros San Antongo txikienek. Usurbilen podiuma ere igo ziren alebinak.Arritxu Iribarrek idatzi du kronika.Mutiletan Oier Unanue hirugarren sailkatu zen, Unai Sasiain 4., Antton Tolosa 7., Mihai Ovidiu 9., Mattin Etxaniz 11., Bertol Etxabe 15., Gaizka Arrillaga 26. eta Oier iribar 29. Nesketan berriz, Naia Urbieta podiumeko tokirik gorenera igo zen, garaipen lortu ostean.
Infantiletan Gaizka Gurrutxaga podiumetik gertu izan zen, 4. sailkatu baitzen, Ioritz Manterola ere bikain 6. sailkatu zen eta Peio Etxabe 10. Maila honetan ere nesketan podiumeko tokirik gorenera igo zen Viveros San antongo Eider Manzisidor.
Larunbat honetan denboraldiko laugarren proba izango dute, oraingo lasterketa Zarautzen tokatzen da.
Kadeteak
Eibarren izan ziren eta lau abiatu baldin baziren ere –Jon Agirre, Koldo Larrañaga, Jon Larrañaga eta Markel Castillo– bakar batek ere ez zuen lasterketa bukatzerik izan. Jon Agirrek matxura izan zuen pelotoian zihoala eta lasterketa utzi beharrean gertatu zen. Kadeteetan 110 txirrindulari abiatu ziren eta 84k lortu zuten 52 kilometroko ibilbidea osatzea, abiadura handian: bataz beste, 41,64km/h.
Jubenilek Azpeitian izan zuten lasterketa eta aurren aurrena parte hartzaileen kopurua nabarmendu behar da, 193 txirrindulari izan baitziren irteeran. Gipuzkoatik aparte, 19 talde izan ziren kanpotik etorriak. Pelotoi ikaragarria 84 kmko lasterketari aurre egiteko eta horrelako tropel batean ibiltzea ez da ahuntzaren gauerdiko estula!
Aitor Olaziregi oso erne hasieratik, ihesaldiak harrapatuz ibili zen; lasterketa hasi bezain pronto laukote bat ihesi zen eta bertan zen Olaziregi; pelotoia ez zegoen baimenak emateko eta hauek irentsi ondoren, beste saiakera bat izan zen eta bertan Ibon Egaña sartu zen eta hauen lana berriz Olaziregik errematatu zuen, beste txirrindulari batekin aurrera eginez (Xabier Sansebastian, Errenteriko lasterketako irabazlea).
Bi txirrindulariek bidea egin zuten, baina pelotoiak Olaziregi harrapatu zuen eta ondoren bere ihes laguna. Mandubiak eman behar zuen sententzia, Arriaran edo Garin aldetik igo zuten Mandubia eta hantxe egungo Espainiako txapeldunak Ivan Garcia Cortinak aurrera egin zuen nahiz eta amaierarako Julen Irizar gerturatu. Asturiarrak irabazi zuen Loiolako etor bidean; 84 km eta Mandubia tartean izan da bataz besteko abiadura kontutan hartzekoa, 38,6km/h-ko abiaduran ibili baitziren.
Aitor Olaziregik 69. amaitu zuen, ihesaldietan utzitako indarrak azkenean faltan boteaz; Ibon Egaña 96. izan zen eta Gorka Etxabe 98. 102k bukatu zuten lasterketa; beraz erretiratuak 91 izan ziren…Kopuru handiak!
Larunbatean Antzuolan dute jubenilek lasterketa, Uzarragako igoera izango da eta kadeteek berriz Beasainen, Lierni amaierako zailtasuna gainditu beharko dutelarik helmugara ailegatu aurretik.