Iñigo Peña laugarren Espainiako Neguko Txapelketan

Baleike 2013ko mar. 18a, 09:05

Iñigo Peña Itxas Gaineko piraguistak laugarren postua lortu du Espainiako Neguko Txapelketan, Llamedo, Hernanz eta Cubelosen atzetik. Emaitza ona da, kontuan hartuta bere ohiko distantzia baino proba luzeago jokatzen dela neguko txapelketan. Gainera, 45 eta 49 urte arteko beteranoen mailan, Xabier Osak urrezko domina irabazi du.

Bitxia izan zen Xabier Osa eta Luis Medranoren helmugatatzea: biak parez pare iritsi ziren helmugara, esprint estuan, inork garbi ez zuelarik nork irabazi zuen... Baina kontua da buiek markatutako lerrotik kanpo sartu zirela, helmugaratze ustela izan zela. Epaileek agindu zieten helmugan behar bezala sartzeko. Hainbesteko aldea atera zieten aurkariei, astia izan zutela atzera egin eta helmugan behar zen tokitik sartzeko. Biak lagun onak dira –Munduko Txapelketa irabazi zuten iaz, biko piraguan–, eta elkarri utzi nahi zioten garaipena... Azkenean Xabier sartu zen aurretik –dirudienez lehen helmugaratzeko esprintean ere bai– eta beretzat da urrezko domina.

Nabarmentzekoak dira kadeteek egindako lana. Irati Osa zortzigarren izan da kadeteen final nagusian; mutil kadeteen artean, Imanol Barruetabeña 17. izan da eta Kepa Txapartegi 34.