Viveros San Antongo talde guztiak lanean

Baleike 2013ko mar. 15a, 10:11

[/caption]

Aitor Olaziregik (Viveros San Anton) Errenterian egindako lana izan da asteburuko lasterketetatik nabarmendu beharrekoa. Zumaiarra 7. sailkatu zen igande arratsaldeko lasterketa exijentean. Hau duzue Arritxu Iribarrek bidalitako kronika:152 txirrindulari abiatu ziren, 64k bukatu zuten proba; 70 kilometro gorabeheratsuak ziren baina ziklisten jarrerak are eta gehiago gogortu zuen lasterketa, egurra emateko zeuden, eta bataz besteko abiadura 44,52 Km/h. Lasterketa hasieran erorikoa izan zen, eta Olaziregi atzean gelditu zen arren moztuta, kemena izan zuen aurrekoekin bat egiteko eta ondoren eguneko ihesaldian sartzeko. Oso azkar gorpuztu zen 14ko ihesaldia eta protagonista bihurtu zen Viveros San Antongo ziklista. Amaieran 14ren artean, 7. bukatu zuen lasterketa Aitor Olaziregik puntu garrantzitsuak jasoaz rankinerako. Beste taldekidek ez zuten lasterketa bukatzerik izan.

Kadete mailan, Jon Agirrek lan ona egin zuen Azpeitiako karreran. Tropelean defenditu zituen bere aukerak, erori ere egin zen, baina bapatean zutitu eta pelotoi nagusiarekin helmugaratzeko modua izan zuen. 55. bukatu zuen lasterketa. Juniorretan bezala, kadeteetan ere Viveros San Anton-Zumaiako txirrindulari elkartetik batek bakarrik lortu zuen proba bukatzea.

Infantilek eta Alebinek Hernanin izan zuten lasterketa. Infantiletan Gaizka Gurrutxaga 4. sailkatu zen, 7. Peio Etxabe, 22. Eider Manzisidor eta 28. Ibai Etxabe. (Eider 2. izan zen nesketan).

Alebin mailan Oier Unanue izan zen taldeko onena, 5. sailkatuz; 6. Antton Tolosa, 9. Mattin Etxaniz; 13. Mihai Ovidiu, 14. Unai Sasiain, 19. Gaizka Arribillaga, 25. Naia Urbieta, 29 Oier Iribar, 30 Mikel Manzicidor eta 33. Arkaitz Agirre. Naia Urbieta 2. izan zen nesken artean.

Larunbatean Azpeitian dute lasterketa, infantil eta alebinek Usurbilen eta kadeteek Eibarren izango dute karrera igande goizean.