Joan den urtean Kirol Patronatua indarren jarri zenetik kiroldegiaren kudeaketa bereganatu du Udalak. 2013ko kuoten igoerak zenbait erabiltzaileren kexak eragin ditu, eta kudeaketa sistema berriarekin lotu duenik ere ez da falta. Iñaki Ostolaza kirol zinegotziak ukatu egin du hori denik igoeraren arrazoia, eta azalpenak eman ditu."Egia da 2012tik 2013ra kuotak igo egin direla, baina ez du zerikusirik kudeaketa eredu berriarekin. Joan den udazkenean Espainiako Gobernuak ezarritako BEZaren igoera da arrazoia, %8tik %21era. Gainera, igoera 2013ko urtarrilean aplikatu dugu, eta ez 2012ko irailean. Horrek esan nahi du iazko iraileko, urriko, azaroko eta abenduko BEZaren igoera Patronatuak hartu zuela bere gain. Gainera, kuotetan ez dugu 2,4ko KPI aplikatu, gure iritziz BEZak eragindako %13ko igoera nahikoa zelako. Beraz, 2013ko KPIa ez da aplikatu kuotetan. Eta kirol zerbitzu jakinen tarifetan KPI baino ez da aplikatu".
Ostolazak azaldu duenez, kudeaketa eredu berriak ez du gastu igoerarik ekarri. "Kudeatzaile bat kontratatu da, baina ez da lanposturik gehitu, lehen kiroldegia kudeatzen zuen enpresak ere bazuelako figura hori. Eta guretzat aldea nabarmena da. Lehen kiroldegiaren kudeaketaren kontrola ez zegoen Udalaren esku, enpresaren esku baizik. Gure ustez, udal zerbitzuen kontrola Udalak izan behar du. Lehen enpresak ustiatzen zuen kiroldegia, kontuak aurkezten zituen urte amaieran eta kitto. Guk kudeaketan eragin nahi dugu, zerbitzua hobetzeko, eraginkorragoak izateko, inbertsioak egiteko...".
Inbertsioei dagokionez, kiroldegiak premiak dituela onartu du Ostolazak. "Inbertsioak egingo ditugu, beharrezkoak dira eta. Kiroldegiaren kudeaketa erabat pribatizatzearen ondorioetako bat hori da, hain zuzen ere. Kiroldegia 12 urtez kudeatu zuen enpresak –Kirolzer– ez zituen egin beharreko inbertsioak egin. Eraikinak inbertsio premia du, gimnasioa egokitu behar da, larrialdi plana egin behar da...". Izan ere, Ostolazak azpimarratu duenez, "1984an eraiki zenetik kiroldegiak ez du larrialdi planik". 2013rako 40.000 euro aurreikusi dituzte lehen inbertsioak egiteko.
"Helburua da kiroldegiak bere burua ordaintzea, eta egingarria da. Gaur egun ia 3.400 bazkide ditu kiroldegiak, gora egin du, eta eskaintzen diren zerbitzuetan ere zerbait gora egin du. Kudeaketa pribatua zegoenean, irabaziak enpresarentzat ziren; orain, kudeaketa geuk kontrolatuta, gai izango gara kostuak murrizteko eta inbertsioetako dirua lortzeko".
Kiroldegiko kudeatzailearen lanpostua publiko bihurtu da, baina gainontzekoak azpikontratatuta daude gaur egun. Hor ere urratsak egitea ez du baztertzen Ostolazak. "Hori aztertzeko prest gaude. Gaur egun ez da posible, besteak beste, Espainiako Gobernuak hartutako neurriek ez dutelako aukerarik ematen lanpostu berrien lehiaketa publikoa deitzea. Baina gure helburua da zerbitzu publikoak geureganatzea. Eta ez soilik kiroldegian. Badakiogu horrek lan karga areagotuko lukeela Udalean, baina uste dugu zerbitzu merkeagoa eta eraginkorragoa emango genukeela".