'Itzalen sua' ikuskizunerako sarrerak dauzkagu

Baleike 2013ko mar. 13a, 11:56

Datorren larunbatean, martxoaren 16an, gaueko 22:00etan, Aita Mari aretoan Itzalen sua ikuskizun bereziaz gozatzeko aukera izango dugu. Baleikeko bazkideen artean zozkatzeko bost lagunentzako bina sarrera dauzkagu.Itzalen sua paperera ekarritako filme bat da. Aktoreak, gidoilaria, argazkilaria, jantzi sortzailea, makilatzailea... denetarik du Itzalen sua-k. Eta nola ez, soinu-banda: Diabulus In Musica talde iruñarrak osatu du espreski liburuaren DVDan biltzen den materiala. Ikuskizunak liburuaren esentzia biltzen du ordubete inguruko emanaldian: Xanti Rodriguezen irudi paregabeak, Fernando Morilloren testua, Diabulus In Musicaren doinuak, Xabier Euzkitzeren errezitaldiak, eta beste hainbat sorpresa.

Larunbat honetan honako gonbidatu eta partehartzaileak izango ditugu gurekin: Fernando Morillo testua errezitatzen, Oihana Maritorena dantzan, Diabulus In Musica kontzertuan, Xanti Rodriguez-en irudiak proiektatuak, Aitor Gorosabel (Su ta Gar) kolaborazioan Argilun abestian eta Alicia de Miguel jantzien sortzailea.

Sarrerak aurrez turismo bulegoan daude salgai 5 euroan eta Korrika laguntzaileek txartela erakutsiz gero doan eskuratu ahal izango dute.

Liburua + DVDa

Itzalen sua biharko liburua da. Ez. Ez da liburua: testuaren inguruan eta gainean, ilustrazio zinematikoa eta interaktibitatea du nagusi. Musika eta estilismoa. Makillajea eta antzezpen bikaina. Teknologiaren hitzak erabilita, Sormena eta Literatura 3.0 dela esan genezake, zinema bera ekartzen baitu paperera. Interakzioa. Artelanen, musikaren, literatur-irakurketen... artekoa. Dena batean biltzen ditu Itzalen sua-k, ez gaurko, baizik eta biharko begiradarentzat.

Xanti Rodriguez da irudi paregabeen sortzailea eta ekoizlea. Irudi zorabiagarri bezain sinesgaitzak eraiki ditu. Nazioarteko makina bat sarik garbi uzten dute nolako maila duen, zenbateraino miresten duten han-hemengo irudi-sortzaileek. Pertsonaien itxura mitologizatzeko, Alicia de Miguel dugu jantziak diseinatzen eta sortzen. Monika Agirre arduratu da pertsonaien aurpegiak sortzen dituen makillaje ikusgarriaz. Iruñeako Diabulus in Musica musika taldeak konposatu du Itzalen sua-ren soinu-banda, lan honetarako espreski. Mitologia eta musika? Ezinbesteko ezkontza.

Euskal Herriko zenbait lagun ospetsuren infografiak erabili ditugu proiektuaren erakusleiho itzel eta indargarri gisa: Ander Lipus, Iban Garate, Oihana Maritorena, Joan Mari Irigoien, Lakrikun antzerki taldea, Xabier Euzkitze, Estitxu Fernandez, Ilaski Serrano, Nerea Garmendia, Su ta Gar-eko Aitor eta Xabi...

Fernando Morilloren testuak harilkatzen du zuen apokalipsia iragartzen duen istorio hau. Mundu berri baten lehen kronika.

Zozketa

Zozketan parte hartzeko, bidali zuen datuak aldizkaria@baleike.com helbidera, ostiral eguerdia baino lehen, galdera honen erantzunarekin batera: nork idatzi ditu ikuskizuneko testuak?